“Garaia da mendekua alde batera utzi eta elkarkidetzan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko". Sareko bozeramaile Bego Atxa eta Joseba Azkarragaren esanetan, Hego Euskal Herrian ere gizarteak hartu behar du lidergoa preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbide bat emateko, "Iparraldeko gizarteak orain hilabete egin zuen bezala".
0 kilometro kanpainari ekin diote horrela Sareko kideek, hirugarren urteurrenean. Donostiako Zuloaga plazan bildu dira dozenaka lagun, eta elkarretaratzea egin dute aurrena, Ibon Iparragirre eta gaitz larriak dituzten gainerako euskal presoak askatzeko eskatuz. Gero, hiriko gune ezberdinetan jarraitu dute ekitaldiek.
ETAren armagabetzea aipatuz, Azkarragak azaldu du "festa” ukitua eman nahi izan diotela hirugarren urteurreneko ekitaldiari, “alde batek urratsak egiten jarraitzen duelako”: “Baina aldarrikatzailea ere bada, oraindik gauza asko daudelako konpontzeko herri honetan bizi izan dugu gatazkaren ondorioei dagokienez". Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera konpontzea lortu behar dela adierazi du: "0 kilometro, etxean izan ditzagun".
Gasteizen, Ireki
Joan den urriarren 15ean abiatu zen Ireki dinamika, helburu argi batekin: enpresetan sinadurak biltzea euskal presoak etxeratzearen alde. Gaur amaitu du bere ibilbidea, Gasteizen, eta lortutako sinadura kopuruaren berri eman dute dinamikaren sustatzaileek: 79.241. Langileen artean bildu dituzte atxikimendu horiek. Lortutako sinaduren garrantzi "kualitatiboa" azpimarratu dute Ana Sebal Agirregabiria eta Julen Mitxeltorena Ireki-ko kideek. Sinadura horiek Foro Sozialaren esku utziko dituzte datorren astean, lan mundutik presoen eskubideen alde eginiko "ekarpen kualitatibo" gisa.
Irekik deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian Gasteizko kaleetan, eta hura amaitzean eman dute azken hilabeteotan bildutako sostenguen berri. Manifestazioarekin eta bukaerako ekitaldiarekin, amaiera eman diote dinamikaren ibilbideari, baina langileei dei egin diete preso eta iheslarien eskubideen alde "borrokan" jarrai dezaten. Etxerat-eko Urtzi Errazkinek ere parte hartu du ekitaldian. Hark txalotu egin du azken hilabeteotan langileek presoen alde hartutako "konpromisoa". Halaber, nabarmendu du Irekik erakutsi duela posible dela "ezberdinen artean akordio zabalak" egitea, eta hori dela "sakabanaketa politika indargabetzeko" bidea ere.
Gaurko manifestazioan ehunka lagunek hartu dute parte. Abiatu aurretik, Arangizetik eta Otazutik (Araba) jendez osatutako zutabe bana iritsi da Gasteizko erdigunera. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Langileon bultzada. Ireki leloa zuen pankartaren atzean batu dira gero guztiak, manifestazioan.