Donostian egin dute ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Bertan izan dira, Olanoz gain, Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa, Ahotsak.eus webguneko ordezkariekin batera. "Euskararen aberastasuna belaunaldi berriei transmititzearen" garrantzia nabarmendu du Olanok. "Hori lortzeko, hil ala bizikoa da ahozko ondarea bildu eta zabaltzea".
Arrate Rodriguez artistaren lan bat jaso dute Ahotsa.eus-eko kideek, sari gisa. Jone Miren Hernandez epaimahaiko buruak azaldu duenez, euskaldi guztien lekukotza jaso dute proiektuan, eta gizartearen esku jarri.
Duela 18 urte sortu zuten Ahotsak proiektua, ahozko ondarea jaso, berreskuratu eta zabaltzeko. Eibarren du egoitza, eta Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartia da haren bultzatzaile nagusia. Euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak biltzen egindako ahalegina goraipatu du batez ere epaimahaiak.
Giipzukoako Foru Aldundiak 1996an sortu zuen Anton Abbadia saria, euskararen alde lanean aritzen diren erakunde eta pertsonak saritzeko. Hura irabazi dutenen artean dira, besteak beste, Kike Amonarriz eta Ibon Sarasola.