Migratzaileak

'Aita Mari' ezin izan da irten, hala aurreikusi zuten arren

Itsasora irten ahal izateko, aurrena segurtasun proba batzuk egin behar dizkiote ontziari; atzo ziren horiek egitekoak, baina Pasaiako Komandantziak baimena ukatu zien.

'Aita Mari' ontzia, joan den astean, Pasaiako portuan. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko abuztuaren 27a
10:58
Entzun

'Aita Mari' ontziak gaur irten behar zuen Pasai Donibaneko portutik (Gipuzkoa), Mediterraneoan erreskate lanak egiteko asmoz, baina, BERRIAk jakin duenez, atzeratu egin behar izan du asmoa. Itsasora irten ahal izateko, aurrena segurtasun proba batzuk egin behar dizkiote ontziari, eta atzo ziren horiek egitekoak, baina Pasaiako Komandantziak baimena ukatu zien. Ontziko arduradunek espero dute ostiralean egitea proba. Hala izango balitz, berehala itsasoratzeko baimena eskatuko lukete, Mediterraneora abiatzeko.

"Legea eta giza eskubideak errespetatzeko eskatzen badugu, ezin gara gure kabuz aritu", azaldu du gaur Iñigo Miganjos SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak, Espainiako RNE irratian: "Koherenteak izan nahi dugu, eta eskatuko dugu Maltan lehorreratzeko aurretiazko baimena, nahiz eta ez gauden ados".

EH Bilduk, berriz, Espainiako Kongresuan salatu du gaur migrazio eta erreskate politiken inguruan Espainiako Gobernuak agertutako jarrera. Mertxe Aizpurua diputatuak Open Arms ontziaren "ezinbesteko lana kriminalizatzea" egotzi dio Pedro Sanchezen gobernuari: "Isunen bidez eragotzi diote gobernuari hainbeste kostatzen zaiona: bizitzak salbatzea".

Gaur bertan, Italiako Gobernuak herrialdeko eremuan sartzea debekatu dio erreskaterako beste ontzi bati. 110 migratzaile daramatza Eleonore ontziak —Alemaniako Mission Lifeline GKEarena da—. Ontziaren arduradunek azaldu dute "portu seguru baten bila" dabiltzala, baina Matteo Salvini Barne ministroak Italiako uretan sartzea debekatu die. Atzo, berriz, Maltako Gobernuak jakinarazi zuen bi ontzitan zihoazen 160 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituela.

Grezian errefuxiatuei laguntza ematen bolada bat egin eta gero, Aita Mari ontzia ekainaren 30ean itzuli zen Euskal Herrira. Horretarako baimena lortu zuen, Espainiako Gobernuak erreskate lanak egitekoa ukatu ondoren. Ontziko arduradunek berretsi dute erreskate lanetan aritzea dela euren asmoa.

[youtube]https://youtu.be/Ru186L6a2co[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.