Altsasuko auzia

'Altsasu martxan' bira abiatu dute hainbat kolektibok

Epaiketaren zain preso diren gazteen egoera salatzeko eta auziaren gaineko informazioa emateko helburua du birak.

Altsasuko gurasoak Zubirin eta Garraldan izan dira gaur goizean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2018ko otsailaren 24a
10:25
Entzun

Harrera beroa egin diete Altsasuko gurasoei Esteribarren. Altsasu martxan bira gaur abiatu da, 09:00etan, Altsasuko suhiltzaileen egoitza parean dagoen aparkalekutik (Nafarroa); Zubirin egin dute lehen geldiunea. Garraldan ere izan dira, eta, Otsagabian bazkalduta, Irunberrin eta Zangozan izan dira arratsaldean.

Zubirira iritsita, dantzari batek aurreskua dantzatu du atxilotuen eta familien omenez, eta Esteribar Altsasurekin leloa zuen oroitarria eman diete. "Hunkituta gaude, eman diguzuen harrera ikusita", esan du Antxon Ramirez de Aldak, atxilotuetako baten aitak. Karabanaren helburuak azaldu ditu Ramirez de Aldak: "Altsasun, herria gurekin dago, eta informazio garbia du gertatu zenari buruz. Orain, informazio hori Nafarroa osora zabaldu nahi dugu, gure kasua bertatik bertara azaldu".

Martxan parte hartzen ari direnen artean daude EH Bilduko legebiltzarkide eta Altsasuko alkate ohi Asun Fernandez Garaialde eta baita Enrike Zelaia soinujolea ere. Izan ere, Altsasuko hainbat eragile eta kolektibo ari dira parte hartzen biran, herriko zortzi gazteren kontra irekita dagoen auzia eta egingo duten epaiketa salatzeko. Bost asteburutan egingo dute bira, bost eremutara joateko. Gaur hasi eta martxoaren 25era arte egingo dute, apirilaren 14an manifestazioa egingo dute Iruñean, eta 16an epaiketa hasiko da, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Iruñeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du Ramirez de Aldak: "Beharrezkoa da bultzada hori ematea. Auzi hau urrutiegi joan da jada. Eskutik ihes egin die, eta ez dugu guk esaten: pisuzko legelari eta ordezkari politikoek ere esan dute. Aste honetan bertan, Amnesty Internationalek. Argi dago gurea ez dela terrorismo kasu bat, eta gizartea harrituta dago, taberna giroko borrokaldia izandakoa noraino eraman nahi duten. Horregatik, informazioa ematen segitu behar dugu".

"Justiziaren erabilera bihurria egin da Altsasuko auzian", salatu zuten martxa aurkeztu zutenean. Eta erabilera hori egin ez balitz "zortzi familiaren sufrimendua" bestelakoa izango zatekeela oharatarazi zuten. Jaietan taberna batean izandako istiluarengatik, 2016ko azarotik preso daude Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz, eta fiskalak 375 urteko zigorrak eskatu ditu zortzi auzipetuentzat.

Auziaren kontrako jarrera azaldu izan dute hainbat juristak, eta baita politikariek eta instituzioek ere. Hori guztia herriz herri azaltzea eta auziaren "zentzugabetasuna" salatzea da martxaren helburu nagusia. Sentsibilizatu egin nahi dute Nafarroako gizartea, "oinarri demokratikoen eta giza eskubideen defentsan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.