«Arraroa litzateke herrialde demokratiko batean, juridikoki arduragabea ez esateagatik, epaiketa bat egitea giza eskubideak urratzeagatik jarritako salaketak argitu gabe. Hori gertatzen da Espainian». Gorka Mayok argi salatu zuen Nafarroako Parlamentuan Espainiako «salbuespen legedia». 2011ko sarekadaren ondotik, tortura testigantza Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman zuen Jon Patxi Arratibelek, Mayorekin batera 4/2014 sumarioan auzipetutakoak. Ezaguna da emaitza: Espainiako Estatua zigortu zuen Estrasburgoko auzitegiak, salaketa hura ez ikertzeagatik. Giza Eskubideen Ituna urratzegatik, alegia. Eta, salaketa ikertu gabe segitzen duten arren, inkomunikazio egun haietako deklarazioak erabiliko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, salatzailea epaitzeko.
Baina badago gehiago. CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak ?Europako Kontseiluaren parte da? 2011n Espainiara egindako bisitaren ostean, txosten batean jaso zituen auzipetuen tortura salaketak, eta haiei sinesgarritasuna eman. Kartzelan zirela bildu ziren Gorka Mayorekin, Gorka Zabalarekin eta Iker Morenorekin, 2011ko maiatzean eta ekainean. Salaketa «sinesgarri eta sendoak» jaso zituztela nabarmendu zuten 2013ko apirilean Estrasburgon sinatutako dokumentuan: «Badirudi tratu txarren helburua zela atxilotuek deklarazio bat sinatzea, hau da, konfesio bat».
Besteak beste, «konfesio» horien gainean oinarritu ditu Jose Perals fiskalak Gorka Zabalaren, Iñigo Gonzalezen, Iker Morenoren, Gorka Mayoren eta Jon Patxi Arratibelen aurkako akusazioak: Ekineko kide izan eta 2009. eta 2010. urteetan ETAren aginduetara ezker abertzaleko hainbat antolakunde koordinatu eta dinamizatzea, «ETAren aparatu politikoko kide desdoblatu» gisara. Zigor eskaerak ez dira makalak: zortzina urteko kartzela, eta hamabina urteko inhabilitazioa. Hainbat dokumentu atzeman zizkietela nabarmendu du fiskalak, ezker abertzalearen antolakuntza ereduari eta prozesu demokratikoari buruzkoak.
Baina badago gehiago ere. 2010eko irailean egindako sarekada baten ondorioz, beste bederatzi lagun epaituko dituzte maiatzean, aurreko bostak bezala, Ekineko kide izatea egotzita. Sandra Barrenetxea da haietako bat: torturak salatu zituen, eta, gutxitan bezala, aurrera egin du auziak. Lau guardia zibil epaituko dituzte aurten, Barrenetxea torturatu izana leporatuta.
Nabarmentzekoa da sarekada gertatu zeneko garaia. 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zituzten bost auzipetuak eta Xabier Beortegi ?Estrasburgoko auzitegian salaketa jarria du Beortegik ere?, ETAk su-eten «orokor, iraunkor eta egiaztagarria» iragarri eta zortzi egunera. Ordurako, ia urtebete bazen ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria kaleratu zuela.
Fernando Grande Marlaska epaileak aginduta, inkomunikatu egin zituzten sei atxilotuak, eta torturak salatu zituzten Gorka Mayok ez beste denek. Aztnugal (laguntza, alderantziz) idatzi zuen Arratibelek polizia deklarazioan. Mayo, Nafarroako Parlamentuan: «Sei atxilotuetatik, bostek salatu zituzten torturak. Kasualitatea, bost pertsona horiek edukitzea polizia deklarazioak. Ez zaizue iruditzen zerbait arraroa gertatu dela inkomunikazio aldian?».
«Herritarren aktibazioa»
Azken auzi handiek utzitako emaitza ere ekarri zuen gogora Mayok Nafarroako ordezkari politikoen aurrean: 83 auzipetuetatik, absolbitu egin dituzte 81. «Nork itzuliko die sufrimendu fisiko eta psikologikoa?». Sarekaden uneko titularrak eta absolbitu ondorengo «isiltasuna» nabarmendu zituen Mayok: «Horrek ere zerikusia du salbuespen legediarekin». Inkomunikazioaren ostean, 4/2014 sumarioko auzipetuek urte eta erdi inguru pasatu zuten Espainiako espetxeetan sakabanatuta. Baldintzapean irteteko, 65.000 euro ordaindu behar izan zituzten, eta epaiketak beste 16.000 euro inguruko gastua ekarriko diela kalkulatu dute.
Absoluzio epaiarekin bukatu diren auzi horietako batean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batzuek argi utzi zuten ezin dela ontzat hartu zalantzazkoa den froga bat; hau da, susmorik badago, deklarazioak ez direla «modu librean eta borondatez», ez dutela balio. Estrasburgoren epaia, CPTren txostena... Zalantzak, behintzat, badaude 4/2014 sumarioko auzipetuen kasuan.
Gaur hasiko da epaiketa, Concepcion Espejel epailea buru dela —kontserbadoretzat jotzen da—, eta datorren astelehenetik ostegunera jarraituko du. Orduan espero da bukatzea, nahiz eta litekeena den luzatzea ere.
Aztnugal. Laguntza eskatu dute auzipetuek epaiketaren atarian. «Independentista eta ezkertiarra izatea ez da delitua». Laguntza, «tortura bukatzeko, gatazka politikoa amaitzeko». Beharko dute, Espainiako polizien eta auzitegien irizpideei buelta emateko: «Salbuespen neurriak amaitzeko berme bakarra herritarren aktibazioa delako».