Eako Poesia Egunak

'Baltza nazela dineure' emanaldiaren bideoa, Berria Telebistan

Angela Davisen testuetan oinarritutako Baltza nazela dineure emanaldia izan zen Eako Poesia Egunetan jende gehien erakarri zuen ekitaldietariko bat. [Youtube]https://youtu.be/dIldFABsTqc[/Youtube]  

Berria
2016ko uztailaren 18a
15:28
Entzun

Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua euskarara itzultzeko dirua biltzea zuen helburu Lorea Agirrek, Anarik, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak, Maialen Lujanbiok, Ainara Lasak, Kattalin Minerrek, Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Mursegok osatutako sortzaile taldeak, eta jende andana erakarri zuten Eara. Txiki gelditu zen Beradona auzoko elizako aterpea, eta kanpoan geratu zen jendea. Davisi egindako elkarrizketa baten irudiak zituen bideo batekin hasi zuten emanaldia. «Beltzak dira Frantzia eta Espainiako beltzak, baina beltzek esan dezakete AEBetako euskaldunak direla».

Poetiko bezain politiko joan zen saioa. Davisen testuetan deskribatutako zapalkuntza hirukoitzari erreferentzia egiten zioten testuak irakurriz abiatu zuten saioa. Euskaldun izateagatik, emakume izateagatik eta langile izateagatik sufritu behar izaten diren laidoen zerrenda batekin. «Euskalduna naizenez, beltza naiz. Emakumea naizenez, beltza naiz. Langilea naizenez, beltza naiz». Barrurantz itzuli zuten gero testuen eztena, ordea. Langile klaseko sentitzen ez diren langileak. Mediku euskaldunari ez, baina etxe garbitzaileari euskaraz egiten dion andrea. Manifestazioetan feminista eta etxean meneko den emakumea... Eta galdera azkenik. «Orduan, euskalduna izanik zuria ote naiz ba? Orduan, emakumea izanik zuria ote naiz ba? Orduan, langilea izanik zuria ote naiz ba?».

Okasiorako propio sortutako testuez eta Davisen bideoez gain, musika tarteak ere izan ziren emanaldian. Negu Gorriak taldearen Itxoiten kantaren bertsio pertsonal eta librea eskaini zuen Mursegok, adibidez, eta Anarik ere Mikel Laboaren Langile baten galderak historia liburuaren aurrean abestiaren bertsioa eskaini zuen, historian zehar emakumezkoek duten ikusezintasuna azaleratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.