AZPIEGITURAK

'Bidegi auziko' kereilan "oker" egindako neurketak daudela esan du Gipuzkoako Aldundiak

Bide Azpiegitura diputatuak azaldu du "nahita egindako manipulazioa" topatu dutela aurreko aldundiak aurkeztutako kereilan; oker horien berri ematen duen txostena epailaren esku utzi dute

Arlabango tunelaren obrak AP-1 (Eibar Gasteiz) autobidean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Berria
2016ko urtarrilaren 21a
07:47
Entzun

Azpeitiko auzitegia ari da ikertzen Bidegi auzia —Bidegiren egoitza Zarautzen baitago—, aurreko diputazioak aurkeztutako salaketa tramiterako onartuta. Gaiaren inguruan agerraldia egin du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuak, eta esan du kereilan "oker" egindako neurketak daudela. Kereilak oinarri zuen txostenaren gaineko azterketa tekniko bat egin dela azaldu du, eta hor atzeman direla hutsak.

Oiarbidek azaldu duenez, Arlabango tuneleko lanetan 144 lurjausi izan ziren, eta kereilan hogei baino ez dira ageri; hortaz, erantsi du hutsuneak-eta betetzeko lanez kereilak jasotzen duen kostua "errealitatetik oso urrun" dagoela. "Asmatutako datuak" daudela gaineratu du, eta ondorioztatu horiek gabe salaketak ez lukeela oinarririk.

Adibide gisa, adierazi du kereilak 56. zertifikazioa (behin-behineko ordainketa) azken likidazioarekin (behin betiko ordainketarekin) nahasten duela, eta aipatzen diren justifikatu gabeko hemezortzi milioi euroetatik hamarri buruz ez dela aipamenik egiten edo frogarik aurkezten.

Txostena egin duten teknikariak epailearen aurrera deklaratzera jaongo direla adierazi du. 

Beste kereila bat ere bada abian Eskoriatza-Arrasate zatian ustez izandako irregulartasunen inguruan, eta horren gaineko txosten tekniko bat ere prestatzen ari direla esan du Oiarbidek; hilabete batzuen buruan eskura izatea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.