Eitb.eus-ek EAJko iturriak aipatuz zabaldu duenez, alderdiak Bultzada berri bat lelopean ospatuko du datorren igandean Aberri Eguna. Ostegunean emango dituzte ekitaldien inguruko xehetasunak, baina hedabide publikoak aurreratu du jeltzaleek Bilboko Plaza Barrian ospatuko dutela eguna aurten ere, eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartuko dutela ekitaldi nagusian. 10:30ean emango dute ostegunean xehetasunen berri Itxaso Atutxak eta Joseba Aurrekoetxeak.
Bestalde, Aberri Eguna dela-eta ELAren Nazio Batzordeak argitara emandako adierazpenean, gatazka politikoaren zantzuak "ezkutatzea" eta politika horrekin kritiko direnen parte hartzea "eragoztea" egotzi dio sindikatuak Jaurlaritzari. "Subiranismo soziala" helburu, euskal gehiengo sindikalaren "pisua" aldarrikatu du ELAk.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ere ospatuko du Aberri Eguna, Gure aberria jendea da: eskubide sozialak eta erabakitzko eskubidea lelopean. Alderdiak ohar batean azaldu duenez, Ahal Dugu-ren "izaera pluralistari erantzunez" ospatuko dute eguna, "elkarbizitza demokratikoa, berdintasuna, eta frontismoaren gainditzearen ideiak balioan jartzeko".
LAB sindikatuak ere oharra plazaratu du Aberri Egunaren harira. Sindikatuak azaldu duenez, "arrazoi ugari" ditu Euskal Herriaren independentzia defendatzeko: "Independentzia ez da helburu bat bere horretan, tresna baizik. Bitartekorik egokiena da, euskal langileon ongizatea eta ahalduntzea bermatzeko. Independentziak ez du berez aldaketa soziala ziurtatzen, baina independentziarik gabe ez dago aldaketarik".