'COVID-19 pasaportea' uztailaren 1ean egongo da indarrean

Ziurtagiriak bidaiariari buruzko honako informazio hau jasoko du: txertatuta dagoen, berriki PCR negatibo bat izan duen eta gaitza pasatu duelako antigorputzak dituen.

Limako (Peru) Jorge Chavez aireportua. PAOLO AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 21a
10:22
Entzun

EB COVID ziurtagiri digitala izena izango du uda honetan martxan jarriko den pasaporteak. Europako Batasuneko herrialdeek eta Europako Parlamentuak atzo itxi zuten akordioa, eta uztailaren 1ean indarrean izango da. Agiri horren bidez, herrialde batetik bestera bidaiatu ahalko dute herritarrek, baldin eta ziurtatzen badute txertatuta daudela, PCR proban negatibo eman dutela edo gaitza pasatu dutelako antigorputzak dituztela. «Herritar guztien zirkulazio librea bermatzeko tresna da», adierazi zuen atzo Didier Reynders Justizia komisarioak. «Hilabeteetako berme juridikorik eza gainditzeko» balio izango duela erantsi zuen Juan Fernando Lopez Aguilar PSOEko eurodiputatuak.

Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluko talde negoziatzaileak lortutako akordioaren arabera, herrialde batera iristean pasaportea aurkezten duten bidaiariei ezingo zaie eskatu berrogeialdia egitea edo beste PCR proba bat egitea. Hala ere, baldintza horiek irizpide gisa finkatu dira, eta, beraz, herrialde bakoitzeko tokiko gobernuen eskumena izango da atzerritik iristen diren bidaiariei zer neurri ezarri behar zaizkien erabakitzea. Akordioaren arabera, hala ere, osasun publikoa tarteko «oso justifikatuta» dagoenean baino ezingo dute gobernuek halakorik ezarri, eta 48 ordu lehenago ohartarazita.

Europako Parlamentuaren nahia zen ziurtagiriarekin lotutako PCR probak doakoak izatea, udarako txertatua ez dagoena «diskriminatuta» ez egoteko, baina ez dute lortu. Europako Batzordeak, baina, 100 milioi euro agindu ditu proba diagnostikoen prezioa arintzeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.