Bihar bertan sar daitezke Jaurlaritzako ordezkariak Egin-en Hernaniko egoitzara, Naiz.eus-en arabera. Han material ugari dago, eta hura guztia jasotzeko baimena eman dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Eusko Jaurlaritzari. Duela hogei urte itxi zuen egunkaria Baltasar Garzon epaileak, eta, orduz geroztik, Hernanin (Gipuzkoa) dago kazetaritzako material guztia, hautsa hartzen eta alferrik galtzen.
Material hura guztia gehiago izorra ez dadin, Hernaniko egoitzatik atera eta gordetzeko baimena eskatu zuen Jaurlaritzak iaz, eta abenduaren 20an eman zuen baimena Madrilek.
Egoitza egoera txarrean dagoela salatu izan dute behin baino gehiago, eta, beraz, ikusteko dago nola egongo den barruko materiala ere.