Rikardo Arregi kazetaritza sariak

'Euskaldunon Egunkaria' eta BERRIA, euskarazko kazetaritzan mugarri

BERRIAk zuzenean eman du Bastero kulturgunetik Rikardo Arregi sariak emateko ekitaldia. Anaitasuna aldizkariak, Zeruko Argia/Argia-k, Ttipi-Ttapa-k, EHUko Kazetaritza Fakultateak, EITB taldeak, Elhuyar aldizkariak, Euskal Irratiek, Eibar.org atariak eta Goienak ere jaso dute sari bana euskarazko kazetaritzan mugarri izateagatik.

2018ko urriaren 26a
07:38
Entzun

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 30. urtemuga dute aurten. Andoaingo Udalak ematen ditu sari horiek, eta urteurren borobila baliatuz aurten euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar proiektu komunikatibo saritu ditu. Horien artean, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA saritu dituzte.

Rikardo Arregi zenaren hitz batzuekin hasi da ekitaldia, 1966an Usurbilen, Udarregi bertsolariari egindako omenaldian egin zuen mintzaldi zirraragarri eta sutsuaren pasarte batzuk bere ahotsean entzunez. Ekitaldia Ilaski Serrano eta Dani Alvarez EITBko kazetariak aurkeztu dute. Andoaingo alkate Ana Karrerek egin du ekitaldiko lehen mintzaldia. Han zirenei eskerrak eman eta aurtengo edizioaren berezitasuna "izan zirelako gara" aldarrikapena dela azpimarratu ondoren, adierazi du "gaur egungo euskarazko kazetaritzak, zorionez, antzekotasun gutxi" duela iraganekoarekin: "Aurrera egin du, hazi egin da, heldutasuna eskuratu du. Baina hau ez da hutsetik sortu azken urteotan. Urte askotako eta jende askoren lana dago oinarrian. Izan ere, egia baita “Izan zirelako gara!”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak amaieran adierazi du "hiru hamarkada hauetan euskarak azken mendeotako biziberritzerik azpimarragarriena" bizi izan duela. "Ez da kasualitatea izan. Gizartearen gehiengoaren babesarekin, erakunde publikoek eta hainbat eragilek lan handia egin dute euskarak galdutako denbora berreskura zezan. Bide horretan, funtsezkoa izan da hedabide publiko zein pribatuek egin duten ahalegina euskarazko kalitatezko informazioa eta entretenimendua euskal herritarrengana helarazteko. Gaurko ekitaldi honen helburua da ibilbide horretan protagonista izan direnen lana aitortzea eta txalotzea. Eredu eta pizgarria izan dadila etorkizunari begira egin beharrekoa hauspotzeko”.

Hauek dira aurtengo sarituak:

-Anaitasuna aldizkaria: 1953. urtean atera zen argitara Anaitasuna aldizkaria, eta 1982an atera zuen azken zenbakia. Begoña Arregik eman du saria eta Angel Zelaietak jaso du. Bi arrazoirengatik eman dio epaimahaiak saria. Batetik, newsmagazine eredua euskarazko prentsara ekartzeagatik (formatu modernoa, eduki modernoak, kazetaritza modernoa), elizaren babespetik atera eta eztabaida politikoa pizteagatik eta kale-kazetaritza sustatzeagatik 70-80ko urteetan. Eta bestetik, euskara batuari egindako ekarpenagatik. "Eztabaida sutsuen artean, hiru urratsetan planteatu zuen euskara batuaren aldeko apustu irmoa: bat, abiapuntu gisa, bizkaiera batua sortzea eta sustatzea; bi, ereduzko euskara batua apur-apurka sartzea orrialdeetan; eta hiru, euskara batu betea erabiltzea oso-osoan bere produkzioan".

-Zeruko Argia eta Argia: “Rikardo Arregiren itzalpean, iraultza eta modernotasuna ekarri dutelako; ideia laborategi izan delako; beste hedabideetarako harrobi izan delako. Laburbilduz, euskal kazetaritzaren DNAa ezin hobeto islatzen duelako, Zeruko Argia/k ARGIA-ra da mugarri hau”. Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak jaso du saria.

-Tttipi-Ttapa: Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: "Inon bada-eta, toki hedabideetan garatu da, 1969/k hona, euskarazko komunikazioa. Jadanik sendoturik ematen duen errealitate horrek bere aitzindaria izan zuen: T(pi-Ttapa aldizkaria. Beran sortu zen, 1982an. Euskal Herriko zoko guz/etan sortu diren bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea izan da urte hauetan guz/etan". Aitor Arotzena zuzendariak jaso du saria eta Kontseiluak bihar Iruñean deitu duen manifestaziorako gonbita luzatu du.

- EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea: Nekane Balluerka errektoreak jaso du saria, Simon Peña dekanoa alboan zuela. Joxe Mari Iriondok eman die saria. Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: “Euskal kazetari profesionalik gabe ez legoke euskarazko kazetaritza modernorik. Euskarazko kazetaritza unibertsitatean sartu zuen, eta geroz/k globalizazioaren erronkei eta euskal gizartearen komunikazio beharrei erantzuteko gai diren profesionalak prestatzen jarraitu du”.

- EITB. Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: “Euskarazko kazetaritzaren aitzindariak aitzindari, lehen uzta oso eta betea 1982an hasi ginen jasotzen. EITBko kazetariek, kazetari-hizkera betea osatu dute urtez urte kiroletan, poli/kan eta beste hamaika esparrutan. Hizkuntzari dagokionez, herritarrak euskaraz informatu eta entretenitzerakoan, bultzagile izan dira medio honetako kazetariak. Hizkuntza eta gizartea, biak aberastu ditu mugarri honek”. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak jaso du saria, Luzien Etxezaharretaren eskuetatik.

- Elhuyar aldizkaria: Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: "Euskarak zientziara begira jarri eta zientziaren berri euskaraz ematea ahalbidetu duen hedabidea da. Halley kometa, osasun eta medikuntza gaiak, teknologia mekanikoa eta digitala, biologia... gai horiek eta beste asko euskaraz jorratu eta zabaldu ditu". Aitziber Agirre aldizkariko zuzendariak jaso du saria.

- Euskaldunon Egunkaria / BERRIA: Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: "Funtsezkoa da hedabide honek euskararen biziberritzeari eta informazioa euskaraz jasotzeko eskubideari egindako ekarpena. Eta erabakigarria, orobat, euskarari prentsa idatzian eta Interneten egindako lekua. 2003an bidegabeki itxi zuten arren, gaur egun Berrian bizirik dirauen mugarria da Euskaldunon Egunkaria". Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak jaso du saria. Gogoan izan du Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, eta nabarmendu du horren ondoren BERRIA sortu zuen bultzada. Felix Ibargutxi kazetariak eman dio saria.

- Euskal Irratiaksarea. Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: "Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian euskal irratien sorreraren lekuko izan gara: Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Antxeta Irratia. Gerora Euskal Irratiak deitu taldea osatu zen. 1980ko hamarkadako aitzindari haien proiektua sendotu, eta erronka berriei ekiteko gai izan den talde sendoa osatu dute". Maritxu Lopepe Euskal Irratiak federazioaren lehendakariak jaso du saria Mikel Bujandaren eskutik. Lopepek esan du euskararen sustatzea eta garatzea helburu izan dituztela, eta plazer bat dela euskarazko prentsaren aniztasuna ikustea ekitaldian: "Sare aberatsa, nahiz eta usu zailtasunez ibili behar dugun egunerokoan".

- Eibar.org: Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: “1998an 'Eibartarrak' posta-zerrenda sortu zuten eta Interneten euskarazko edukiak behar zirela ohartuta, gauza izan dira punta-puntako teknologia eta aurrerabideak jartzeko euskararen zerbitzura. Euskarazko komunikazioa aro birtualera egokitu eta bide berriak zabaltzea zor diogun plataforma digitala da". Luistxo Fernandezek jaso du saria, eta proiektuaren xumetasuna azpimarratu du. "Uste dut Internet jende arruntaren ahotsa izan daitekeela. Horretarako teknologia apur bat eduki eta gauzak esan eta egiteko gogoa behar da", adierazi du.

- Goiena: Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: “Tokiko hedabideek berebiziko garrantzia dute, itzela, euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren aurrerabidean. Orain urte batzuk, Debagoienako euskarazko aldizkari guz/ek Goienkaria izeneko komunikazio ekimenean bat egin zuten. Gerora, mul/media egitasmo osoa sortu dute, euskarazko komunikazioaren punta-puntako eredu bihurtuz". Iban Arantzabal Goiena komunikazio taldearen zuzendari nagusiak jaso du saria.

Epaimahaia hauek osatu dute: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia; eta mahaiburu eta idazkari lanetan aritu dira, hurrenez hurren, Ainara Rodriguez Zalakain Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Andoaingo Euskara Zerbitzuaren arduraduna. Sari banaketaz gain, Zubi lana dokumentalaren aurrerapen laburra eskainiko dute. EITBk eta On Time ekoizetxeak azken 50 urteetan euskarazko kazetaritzak izan duen garapenari buruzko lana da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.