Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian haustura hidraulikoaren gaian “engainatu” nahi izatea leporatu dio Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari. Bi aste dira Arantza Tapiak fracking-a baztertzen zuela esan zuenetik, 2030. urtera arteko energia estrategiaren aurkezpenean. Ordea, hilabete bat lehenago SHESA enpresa publikoko esplorazio arduradunak gasa erauzteko teknika horren alde egin zuen, jardunaldi batzuetan.
Maeztuk gogora ekarri du aurreko hauteskundeetan Iñigo Urkullu lehendakarigaia teknika horren aurka agertu zela. “Esan zuen ez zuela fracking-a erabiliko, ez esploratzeko, ezta gasa ustiatzeko ere; ez zuen hitza bete, eta dirua bideratzen jarraitu zuen”. Orain Tapiak 2030era arteko betoa jarrio dio teknika horri. “Ez dute sinesgarritasunik”, hausnartu du Maeztuk.
EH Bilduk nabarmendu du Gran Enara eta Angosto baimenak “gas ez konbentzionalaren presentzia” ikertzeko baimena dutela. Hots, bertan egiten duten zundaketa orok haustura hidraulikoa baliatu beharko du. Hortaz, fracking-ari uko egiteko aipatu baimenei uko egin beharko diela nabarmendu du Maeztuk.
Bestetik, SHESAk haustura hidraulikoaren aldeko “presio talde” moduan lan egin duela hausnartu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Hala, hidrokarburoak ustiatzeko enpresa publikoko langileek hainbat hitzaldi eman dituzten azken lau urtean: 21 guztira. Horietako bakoitzaren edukien berri ez badu ere, Maeztuk azkena ekarri du gogora. Bertan fracking-a prozesu “heldua” dela argudiatu zuen SHESAko esplorazio arduradunak, eta “mendebaldeko herritan” arriskua kudeatzeko gaitasuna dagoela.