Zumaiako Itzurunen eta Bermeoko Gaztelugatxen Game of Thrones telesailaren grabazioak urrian egingo dituztela jakina da joan den uztailetik. Eta, gaur jakinarazi dutenez, Barrikako (Bizkaia) Muriola hondartzan ere grabatuko dituzte eszena batzuk. Horrenbestez, iazko Bardeako grabaketen ostean, telesail ezaguneko zazpigarren denboraldian Euskal Herriko hiru herri azalduko dira.
Grabazio taldeak ia hiru hilabetez izango dira Euskal Herrian. Zumaian lan poltsa jarri dute martxan, eta grabaketetan parte hartu nahi dutenek —arlo teknikoan bereziki— astelehenean Alondegian eman beharko dute izena, 11:00etatik 17:00etara. Ekoizpen etxeak adierazi du Zumaiako eszenetarako soilik gizonezkoak behar dituztela estrarena egiteko, eta ez dutela emakumezkoen hautagai probarik egingo. Bermeoko Udalak, halaber, jakinarazi du telesailaren grabaziorako begiraleak eta segurtasun laguntzaileak behar dituztela; interesa dutenek Bermeoko Behargintzako egoitzara joan beharko dute datorren asteartean, 10:00etan. Zumaian eta Bermeon urriko azkeneko astean egingo dituzte telesailaren grabaketak.