Herritar askok nahi luketenaz beste, Gipuzkoako errauste planta errealitate materialagoa da egunez egun. GuraSOS elkarteak hainbat urte daramatza egiteko modu horren arriskuez ohartarazten: alde batetik, osasunari dagokionez; eta, bestetik, ikuspegi sozialetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek ez dietelako herritarrei galdetu zer pentsatzen duten errauste plantaz, hainbat protesta mugimendu sendo sortu diren arren. Horregatik, «demokrazia ordezkatzaileak bermatu ahal izan ez duena» egiteko, Hitzartu izeneko parte hartze prozesua abiatu du GuraSOSek. Gaur goizean aurkeztu du Donostiako Eureka Zientzia Museoan.
Hondakinen kudeaketaren inguruan hitz egiteko «foro ireki eta anitza» izango da Hitzartu, eta hiru helburu izango ditu: herritarrei parte hartzeko aukera ematea, hondakinen kudeaketa plan berri bat idaztea 2017-2030 aldirako, eta erakundeekin hitzarmen bat lortzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, printzipioz urtebete iraungo du, eta bi mahaik osatuko dute: alde batetik, juristak, ekonomilariak, politologoak, osasuneko langileak eta bestelako adituak bilduko dituena; eta, bestetik, gizarteko eragileena. Prozesua EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak diseinatuko du, eta bost pertsona entzutetsuk osatutako berme batzorde batek behatuko du guztia: Pedro Ibarra Zientzia Politikoetako katedradunak, Ernesto Ganuza CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlariak, Juanjo Alvarez Zuzenbideko katedradunak, Garbiñe Biurrun epaileak eta Bernardo Atxaga idazleak. Guztia finantzatzeko, crowdfunding kanpaina bat abiatuko dute; norbanako zein erakundeen ekarpenen bidez, 80.000 euro lortzea dute helburu.
Hondakinak
'Hitzartu' prozesua aurkeztu du GuraSOSek, "demokrazia ordezkatzaileak bermatu ez duena egiteko"
Urtebeteko parte hartze prozesua izango da, «hondakinen gatazkari konponbide adostu eta demokratiko bat» bilatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu