Rikardo Arregi sariak

'Kixotenea' erreportaje liburua eta 'Kulturrizketak' saioa saritu dituzte

Gazteen saria hutsik utzi dute, 29 urtean lehen aldiz. Bi aipamen berezi egin dituzte: Ortzadar gehigarriari eta Eguna egunkariari.

Saridunak. GARIKOITZ GOIKOETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko uztailaren 8a
22:40
Entzun

Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dituzte Andoainen (Gipuzkoa). Andoaingo Udalak antolatzen du saria, herriko seme zuen kazetariaren omenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Erakunde ugaritako ordezkariak bildu dira ekitaldira: Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkorta, Bizkaiko Kultura diputatu Lorea Bilbao eta Andoaingo alkate Ana Karrere.

Sari nagusia Goiena telebistako Kulturrizketak saioak jaso du. Epaimahaiak nabarmendu du "saio borobila" osatu dutela. "Agenda komertzialetik kanpo dagoen mundu osoa" ikusarazteko ahalegina saritu dute. 9.000 euro jaso ditu lantaldeak, eta Xabier Lakaren eskultura.

Kazetari Berria saria hutsik utzi dute, lehen aldiz. Batetik, azaldu dute "oso lan gutxi" aurkeztu dituztela, eta jasotakoak ez direla iritsi sariek exijitzen duten mailara. Erronka jarri dute hurrengo aldietan lan gehiago jasotzeko.

Sari berezia Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak jaso dute, Kixotenean erreportaje liburuagatik. "Sorkuntza paregabetzat" jo dute lana. "Irakurterraza eta oso goi mailakoa, aldi berean. Eredugarria". BERRIAn kaleratutako erreportaje sortarekin osatu zuen liburua.

Aipamen bereziak banatu dituzte aurten. Batetik, Noticias taldearen Ortzadar gehigarria, hogeigarren urteurrena bete duenez gero. Euskarazko gehigarria erdarazko prentsako "uharte txikitzat" jo du epaimahaiak, baina "leku propioa" irabazi duela. Bestetik, Eguna egunerokoa saritu dute, aurten 80 urte baitira kazeta sortu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.