200 bat lagun elkartu dira Donostiako Easo plazan, 18:30ean, Axier Lopez Argia-ko kazetariari babesa agertzeko. Tartean, kazetariak ere bildu dira, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendaria, Imanol Murua Uria, Mertxe Aizpurua eta Fermin Munarriz, besteak beste.
Lopezek berak hartu du hitza ekitaldian, eta azken egunotan jasotako babesa eskertu du. Poliziaren baimenik gabe atxiloketa baten argazkia Twitterren zabaltzeagatik 601 euroko isuna jarri diote.
Babesa eskertu bai, baina harago joatera dei egin du. Egunotan Mozal legearen aurka hitz egin duten alderdiei, adibidez, esan die mozioak onartzeaz aparte, "ausartago" jokatzeko garaia dela. Eta kazetariei ohar bat ere egin die: "Ezin dugu barneratu hau normala balitz bezala". Mozal legea desobeditzera dei egin du.
Mozal legearen aurkako astea egiten ari dira Donostian, hain justu, Eleak-Libre dinamikak antolatuta. Gaurko prestatua zuten Komunikabideak: Adierazpen askatasuna-Mozal Legea mahai ingurua, Kaxilda gunean. Sergio Labaienek (Ahotsa), Lander Arbelaitzek (Argia), Borok (La Haine) eta @erreharria eta @jegurzegi txiolariek parte hartu dute mahai inguruan, 19:00etatik aurrera. Ekitaldia antolatua zutela jakin zuten Axier Lopezek jasotako isunaren berri, eta segidan antolatu zuten elkarretaratzea.