EUSKAL PRESOAK

'Salatzen dut' kanpaina abiatu du Sare plataformak, gizarte zibila euskal presoen eskubideen alde aktibatzeko

Euskal presoen eskubideen alde herritarrak "artikulatu, parte egin eta aktibatzea" da kanpainaren helburua. Urriaren 15erako manifestaziora deitu dute Donostian.

Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal, kanpainaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2016ko irailaren 6a
07:33
Entzun

Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sare plataformako kideek aurkeztu dute hasi den urte politikorako dinamika. Horren bidez, presoen %95i eta haien senideei eragiten dien "sakabanaketa mendekatzailea" salatu nahi dute, "estalitako bizi guztiko zigorra ezartzen dien salbuespen legeria" arbuiatzearekin batera.

Salatzen dut deitu diote kanpainari, baina salaketa hutsa baino gehiago izatea nahi du Sarek: "Bat egite eta herritarren aktibazio tresna izan dadila. Borroka demokratikoaren ikur". Herritarrek kanpaina beren egitea da plataformaren asmoa: "Herritar bakoitzak bere egin dezala, eta ager dadila Anoeta, San Mames, Mendizorrotza, Ipurua edo Sadarreko harmailetan. Baskoniaren kantxan, Miribillan edo Donostian. Musika jaialdietan, lantegietan, unibertsitateetan, erietxeetan eta kaleetan".

Gaixo dauden presoen egoerari erreparatu diote, eta gogorarazi dute libre behar luketen zazpi presok espetxean jarraitzen dutela, ez dizkietelako zigorrak batu. Zigorrak batzeko auzian presoen eskubideak urratu direla adierazi zuten txosten batean hainbat juristak, eta agiri hori Europako Batasuneko erakundeetara eramango du Sarek.

Horrez gain, mobilizaziora deitu dute: Donostian egingo dute martxa bat urriaren 15ean, Gaixo larriak etxera lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.