Maite iturbe EITBren buruak Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematea nahi du PPk. Haur motxiladunen gaia landu zuen Ur handitan saioak asteartean, eta horrekin "ezker abertzalearen estrategiaren alde" egin du ETBk, PPren arabera.
"Euskal telebista publikoaren egungo zuzendaritzak terrorismoaren deslegitimazioarekin duen konpromisorik ezaren beste erakusle bat izan da" telebista programa, Nerea LLanos PPko legebiltzarkidearen arabera. "Intentzio argia dago", haren arabera, eta horrek EITBren zuzendaritzak hartutako erabakiari men egiten diola uste du.
Gainera, atzo Covitek salaketa egin zuenean erabili zuen terminologia bere egin du PPk; "ETAren iragana zuritu nahi dutenen alde" egitea egotzi dio, eta hori diru publikoarekin egitea onartezina dela argudiatu du. "ETAren terrorismoa justifikatu eta defendatzen den guneak egotea galaraztea" izan behar luke EITBren egitekoa, Llanosen arabera.
Horregatik guztiagatik, Iturbek legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu du PPk.
Aste honetako Ur handitan saioak oso audientzia datu ona izan du. Osorik ikus daiteke, ETBren Nahieran atarian.