EPAITEGIAK

04/08 sumarioaren auzian akordioa lortu dute eta auzipetuak ez dira kartzelara joango

AVTk eta Dignidad y Justicia herri akusazioek onartu dute zigorrak murriztea, biktimei erreparazioa eman nahi izateagatik. Orotara, urte eta erdi, eta urte eta 8 hilabeteko zigorrak adostu dituzte. BERRIAk Madrildik zuzenean eman du saioaren berri. [youtube]https://youtu.be/OS2H2nngwPU[/youtube]

Jon Olano / Madril
2016ko urtarrilaren 13a
07:07
Entzun

Fiskaltzak eskatutako lekukoen deklarazioekin zen jarraitzekoa Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa, baina ez da horrela izan. 10:00etan zen hastekoa saioa, baina ordu erdi luzez atzeratu da, bi aldeek lotutako akordioa lortuta.

Auzipetuek akusazioak onartu dituzte, aitortuz legeriaren aurka jardun zutela. Halaber, "indarkeriazko jarduera ororen" aurkako konpromisoa azaldu dute, eta espero dute aitortza horrek biktimen oinazearen "erreparaziorako" balio izatea.

Bestalde, AVTk eta Dignidad y Justiciak onartu dute aitortza horren ondorioz zigorrak murriztea; urte eta erdi eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete guztiei, eta, beraz, auzipetu bat ere ez da espetxera joango. Halaber, aitortu dute bost urtez luzatu dela auzia, auzipetuen borondatearen kontrara.

Akordioa banan-banan berretsi dute akusatuek epaileen aurrean, eta, behin hori eginda, frogei eta gainerako prozedurei uko egin diete bi aldeek. Iazko abenduaren 3an hasi zen epaiketa, Seguran 2007an eginiko polizia operaziotik zortzi urtera.

Helburua lortuta

Guztien izenean, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak hartu du hitza epaitegitik irtetean. Nabarmendu du inor espetxera ez joatea zela helburua, eta hori lortzeagatik pozik azaldu da. Halaber, espero du akordio horrek "balio izatea etorkizunean salbuespen legedien ezarpenarekin amaitzeko".

"53 preso politiko gehiago ez egotea lortu" delako pozik azaldu da ANV-EAEko Antton Gomez ere, baina azpimarratu du "salbuespen legeriak hor" jarraitzen duela eta ezin daitekeela esan lortutako akordioak egoera hori amaitutzat eman duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.