Erabakitzeko eskubidea

100.000 lagun bildu nahi ditu Gure Esku Dago-k ekainaren 10eko giza katerako

Giza katearen behin betiko mapa ezagutarazi du sare herritarrak.

Zelai Nikolas eta Anjel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak, urtarrilaren 27an, giza katearen aurkezpen ekitaldian. GORKA UBIO, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 21a
07:47
Entzun

Gure Esku Dago-k erronka jarri dio bere buruari: Donostia, Bilbo eta Gasteiz giza katean lotzea. Ekainaren 10erako antolatu duen egitasmo horren gaineko xehetasunak eman ditu jakitera, gaur. Helburua lortzeko, beharrezkoa izango da 100.000 lagun elkartzea, zapiekin elkar lotuta. 2014ko giza katean, 50.000 lagun ziren beharrezko, eta 150.000 herritarrek parte hartu zuten.

Aurtengo giza kateak hartuko duen ibildide zehatza ere ezagutarazi du, gaur, herri mugimenduak. Ondorengo irudian ikus daiteke zein herritatik igaroko den, eta herri bakoitzeko parte hartzaileek zein gunetara jo beharko duten katea osatzera.

Giza katean parte hartzeko asmoa duten herritarrei lehenbailehen izena emateko eskatu die Gure Esku Dago-k, antolakuntza lanak errazte aldera. Gaur, hainbat herritan irten dira kalera mugimenduko taldeak, herritarren parte hartzea sustatzera.

Ibilbidea jende gehien bizi den eremuetan eragiteko helburuarekin diseinatu dute, eta, guztira, 38 herri eta 3 hiriburu igaroko ditu. Donostiatik Gasteizera, 201,9 km izango ditu orotara. Luzera ez da zorizkoa. Izan ere, Gure Esku Dago-k 2019 urtea du begiz jota erabakitzeko eskubidearen aldarrian "ziklo berri bat zabaltzeko". Hori dela eta, erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi biltzen ari da asteotan, herriz herri.

Giza katea antolatzeko, 3.000 boluntario ariko dira lanean ekainaren 10ean. Izango dituzten arduren artean dago parte hartzaileen garraio jarioa antolatzea. Lanak errazteko, Gure Esku Dago-k autobusen erabilera sustatuko du. 1.200 autobus antolatuko direla aurreikusi du. Mugimenduak garraiorako txartelak salduko ditu: 10 eurotan egun osokoak eta 7 eurotan egun erdikoak.

Antolatzaileak 09:00etatik hasiko dira lanean, eta parte hartzaileak giza katea muntatzen hasiko dira 10:00ak eta 11:30ak bitartean. Eguerdian lotuko du gizakateak ibilbide osoa eta 12:30ean izango da ekitaldi nagusia. 13:30ean hasita, jai giroa izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Giza katerako bidea

Ekainaren 10eko egitasmoaren aurretik, giroa berotzeko hainbat ekintza antolatuko ditu Gure Esku Dago-k. Maiatzaren 5ean eta 6an, giza kateak egitera deituko du diasporako euskal komunitatea. "Erabakitzeko eskubidearen alde dauden borondateak" munduko hainbat txokotan biltzea izango du helburu.

Maiatzaren 10ean, giza katerako hilabete falta dela, diasporako giza kateek utzitako irudiekin osatutako bideoa aurkeztuko du mugimenduak, eta ekainaren 10erako prestatuko duten egitarauaren berri emango du.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa antolatuko du Gure Esku Dago-k, maiatzaren 19an, Iruñean. "Nafarren erabakimena adierazteko giza armarria" osatuko du, Gazteluko plazan. Egun berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan "Klik egunak" antolatuko ditu, giza katerako deia indartzeko.

Euskal Herriko hainbat hautetsiren babesa bilduko du mugimenduak maiatzaren 26an.

Azkenik, ekainaren 5ean, parte hartzaileei argibideak emateko agerraldia egingo du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.