Kaltetuak elkartea sortu zuten Eroski eta Fagor kooperatiben ekarpenak erosi zituzten herritarrek aurtengo otsailean, dirua berreskuratzeko ahaleginetan. 1.100 bazkide inguru ditu gaur egun,
Elkarteak kalkulatzen du 40.000 kaltetu izan daitezkeela. "Hori guztia epaitzeko 50 urte beharko lirateke", ziurtatu zuen Jose Ramon Zugadi elkarteko eledunak maiatzaren 28an. Bi aldiz izan dira kaltetuak Eusko Legebiltzarrean, euren egoeraren berri ematen.
Hori dela eta, bide zibila alde batera utzi, eta, negoziaziorako bideak ere ixten bazaizkie, auzi penal bat bultzatzen saiatuko direla ohartarazi zuen. Enpresak ez ezik, EAEko eta Espainiako administrazioak erantzule subsidiario izatea exijitzeko asmoa dute.
Auzian Kontsumobidek bitartekari gisara jokatutako papera ere eztabaidagai izan da. Apirilean, Kontsumobideren bitartekaritza baztertu zuen Kaltetuak elkarteak, eta atzo Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin zuen Belen Greaves Kontsumobideko zuzendariaren lana auzian. Dimisioa eman du gaur Greavesek.
Kaltetuek negoziazio zuzenak abiatzea nahi dute enpresekin. Helburu hori lortzeko, ahalik eta presio gehien egitea eskatu zieten legebiltzarkideei.