Plazaratu dituzte berriz Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19aren osasun krisiari jarraipena egiteko azken datuak. Bien artean 1.113 positibo atzeman zituzten atzo. Herrialdeka, hara egoera. Bizkaiak segitzen du goi-goian: 476 positibo atzeman zituzten atzo. 300 izan ziren Gipuzkoan, 206 Nafarroan eta 110 Araban. Osakidetzak jakinarazitako kasuetan, 21 dira bizilekua beste toki batean duten pertsonenak.
Erietxeetako egoerara begira, Osasunbidean sei pertsona eraman zituzten atzo ospitaleetara gaitzak eragindako arazoen ondorioz, eta denera 114 paziente daude erietxeetan, horietako 21 ZIUetan. Osakidetzak, berriz, 56 ospitaleratze berri izan zituen atzo. Orotara, 240 paziente daude erietxetako gela arruntetan, eta 63, berriz, ZIUetan.
Agerraldi bat egin du gaur goizean egoera epidemiologikoaren berri emateko Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik; datuak oraindik «kezkagarriak» direla onartu du, baina esan du baikortasunerako motibo izan daitekeela kasuen intzidentzia metatuan igartzen ari den beherakada; ohartarazi du oraindik goiz dela joera aldaketa bat gertatzen ari dela esateko, baina igartzen ari diren zantzu baikor horien bilakaera on ba espero dutela.
100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 839,7 da Osakidetzak egindako azkena kalkuluetan, eta hiru herrialdeetan ari da beheraka.