politika

120 urte ikurrina altxatu zutenetik

Bandera lehen aldiz igo zuteneko urteurrena gogoratu zuten atzo. Artilezkoa izan zen lehen hura.

EAJk Bilbon egindako omenaldia. LUIS TEJIDO, EFE
2014ko uztailaren 14a
13:05
Entzun

Uztailaren 14a, 1984. urtea. Arratsaldeko seiak. Ciriaco Iturri Euskeldun Batzokijako kiderik beteranoenak artilezko ikurrina igo du lokala inauguratzeko ekitaldian, Bilboko Korreo kalean. 120 urte igaro dira gertaera hartatik, ikurrina lehenengoz zintzilikatu zutenetik. Urtero bezala, aurten ere une hura gogora ekarri eta ikurrinari omenaldia egiteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek asmatu zuten ikurrina; artilez eginikoa zen bandera hura. Lehen aldi hartan, urtebete ere ez zuen iraun zintzilik, lokala itxi zutenean Espainiako agintariek konfiskatu egin baitzuten. Urte batzuk geroago, 1936ko urrian, Eusko Jaurlaritzak ikurrina bandera gisa hartu zuen, Santiago Aznar sozialistak proposatuta.

36ko gerran, errepublikaren kontrakoek ikurrin guztiak deuseztatu zituzten, eta faxisten garaipenarekin bandera erabiltzea debekatu zuten. Hori horrela, ikurrinaren aldeko ekintzaren bat egiten zuen edonor zigortzen hasi ziren. 1977ko urtarrilaren 19an altxatu zuten berriro, Donostiako udaletxe zaharraren eraikinean.

Omenaldiak Larrunen eta Bilbon

Larrun mendian (Lapurdi) egin du omenaldia EAJk. Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, "Europako zeruan" ikusi nahiko lukete ikurrina, eta "Euskadi Europan nazio aske bat" izatearen alde agertu da.

Ortuzarrek nabarmendu du euskaldun guztiek, "Iparraldekoek eta Hegoaldekoek", ikurrina ez ezik "zeru bera, itsaso bera, lur bera, hizkuntza bera eta kultura bera" elkarbanatzen dituztela.

Larunbatean, beste ekitaldi bat egin zuen EAJk. Ikurriña. Geurea. Guztiona lelopean, omenaldi jendetsua egin zuen, Bilbon. Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gogorarazi zuen urte askoan jazarri egin zaizkiola ikurrinari, eta debekatzea irtenbidea ez den bezala, hura "inposatzea" ere ez da bidezkoa, haren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.