13.000 adinekori tratu txar zantzuak ikusi dizkie Eusko Jaurlaritzak

60 urtetik gorako herritarren %2,39ri ikusi dizkiete tratu txar zantzuak; gehienak emakumeak dira

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 60 urtetik gorako 13.000 pertsona inguruk tratu txarrak jasotzen dituzten susmoa du Eusko Jaurlaritzak. Lan eta Gizarte Gaietako Sailak agindutako inkesta batek agerian utzi du datu hori. 13.000 adineko horietatik 4.880k tratu txarrak jasotzen dituztela egiaztatu dute, eta beste 8.133 kasutan inkesta egin duten pertsonek tratu txarren zantzuak sumatu dituzte.

8.133 kasu horietan, adinekoaren etxean ikusitakoan oinarritu dituzte inkestagileek tratu txar zantzuak: garbitasun eza, etxearen baldintza txarrak, gertuko pertsonekiko harremanaren balorazio txarra, goibeltasuna, antsietatea, beharrezko laguntza teknikoa ez izatea... Adierazle horien atzean tratu txarrak ezkuta daitezkeela gogorarazi du Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak.

60 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzen berri izateko inkestaren barnean bildu ditu Jaurlaritzak datu horiek. Euren etxeetan egin zizkieten galdeketak, eta, erantzunez gain, adinekoek bestelako aldagai horiek baloratzeko aukera izan zuten. «Etxe barruan ematen diren tratu txar horiek azaleratu behar ditugu, etaeta haien aurka borroka egin», nabarmendu du Zabaletak. Horrekin batera, heltzearen prozesuari garrantzia eman behar zaiola nabarmendu du, eta ildo horretan lan egiteko asmoa dutela aurreratu du.

Emakumeak, eta bakarrik

Tratu txarren biktima gehienak emakumeak direla erakutsi dute inkestarekin. Kasuen %72an hala izaten da. Lau biktimatatik hiruk 60 eta 74 urte artean dituzte, eta gehienek tratu txar mota bakar bat sufritzen dute. Erdiek baino gehiagok tratu txar psikologikoak jasaten dituztela jakinarazi dute. Laurden batek, berriz, tratu txar fisikoak jasotzen dituztela aitortu du. Beste laurden batek euren zaintzaz arduratu beharko liratekeen pertsonen arduragabekeriak eragindako egoera bizi dutela jakinarazi die inkestagileei.

Tratu txarrak jasateko adierazle esanguratsuak daudela azaldu du Alfonso Gurpegi Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak. Tratu txar kasuak ohikoagoak dira ezkongabeen, banandutakoen, dibortziatuen eta alargunen kasuan. «Bakarrik bizitzeak zerikusia du tratu txarren kasuekin».

Inkestagileen arabera, tratu txarrak jaso arren salatzen ez dituzten adinekoek beren osasunaren ikuspuntu ezkorragoa dute.Oro har, bizitza kalitate txarragoa dutela sentitzen dute tratu txar zantzuak dituztenek, ez dituztenek baino. Depresio eta antsietate handiagoa dute, besteren artean.

Horrez gain, tratu txar zantzuak dituztenek mendekotasun gehiago dutela erakutsi dute inkestarekin. Eguneroko bizitzako lan batzuk eta oinarrizko tresna batzuk erabiltzeko ere zailtasun gehiago dituzte. Ikasketa maila ere adierazgarria dela gaineratu du Gurpegik; hau da, ikasketarik ez dutenek eta ikasketak bukatu ez dituztenek zantzu gehiago dituzte.

Tratu txarra, familia barruan

Inkestak agerian utzi du tratu txarrak familia barruko norbaitek egiten dituela. Kasuen erdian seme-alabak dira tratu txarrak ematen dizkietenak. Kasuen %25ean bikotekideak ematen dizkiete tratu txarrak, eta %17an familiako beste kideren batek. Biktimen %8k ez dute galdera hori erantzun nahi izan. Tratu txarrak ematen dituztenen %75 gizonak dira, eta ia guztiak 40 urtetik gorakoak. Tratu txarrak ematen dituztenen %40 inguru 40 eta 64 urte artekoak dira, eta beste %40 inguru 65 urtetik gorakoak. Horrez gain, kasuen erdian erasotzailea ez da biktimaren etxean bizi.

60 urtetik gorako 542.188 pertsona bizi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta inkestaren datua «baxua» dela azaldu du Zabaletak. Ordea, horren aurka lan egiteko tresnak abian jartzeko asmoa aurreratu dute. Zahartzearen balioa agerian uzteko ekimenez gain, urrutiko laguntza zerbitzua orokortzearen alde egingo dute. Horrez gain, adinekoei zein adinekoen zaintzaz arduratzen direnei laguntza telefono bat ezartzeko asmoa azaldu du. «Zaintzaileek laguntza behar dute lan hori egiteko, eta horien ondoan egotea funtsezkoa da». Zerbitzu hori enpresa pribatu batek ematen du orain.

Horrez gain, inkesta zahar etxeetan ere egiteko eskatu die Zabaletak hiru aldundiei, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako edadetuen bizi-baldintzen «argazki osoa» izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.