Hil kaperarik ez da izango, eta hileta elizkizuna pribatua izango da, familiak hala eskatuta. Iñaki Azkunaren heriotzaren berri jakin zenetik, ordea, dolumin adierazpenak ugariak izan dira erakundeetan eta ordezkari politikoen ahotan. Eusko Legebiltzarrean minutu batez isilik egon dira gaur goizean.
Bilboko udaletxean, 10:30ean bozeramaileen batzordea biltzekoa da, baina 12:00etan ezohiko udalbatza batera deitu dituzte hautetsiak. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetaria han izango da, eta zuzenean kontatuko du udalbatzaren nondik norakoa.
Ordu erdi geroago, EAJren egoitzan Bizkai Buru Batzarra bilduko da, eta 13:00ean Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Itxaso Atutxa BBBkoak agerraldi batean Bilboko alkatetza nork hartuko duen iragarriko dute. Izendatzen duten horrek hurrengo urtean udal hauteskundeak egin arte gidatu beharko du udala.