EUSKAL JAIAK ORDIZIAN

13.050 euroan erosi du Ampok Karmele Muruaren gazta erdi irabazlea, Ordizian

Bigarren Mausitxa Elgoibarkoa izan da, eta hirugarren, Joseba Insausti artzain ordiziarra. Muruaren gazta erdia Ampo kooperatibak erosi du, enkantean 13.050 euro ordainduta. Bideoa: Euskal Jaiak Ordizian (Andoni Canellada, Argazki Press). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2169/[/berriatb]

2014ko irailaren 10a
18:57
Entzun

Segurara joan da aurten Idiazabalgo Artzain Gaztaren Ordiziako Txapelketako lehen saria. Karmele Muruak irabazi du. Guztira, 52 gazta aurkeztu dituzte aurten, eta, epaimahaiaren arabera, harena da onena. Bigarren Mausitxa Elgoibarkoa geratu da, eta hirugarren Joseba Insausti ordiziarra izan da. Laugarren, berriz, Berastegi elkartea, Azpeitikoa.

Enkantean, Idiazabalgo Ampo enpresak erosi du Muruaren gazta erdia, 13.050 euro ordainduta. Hurbileko Jalea enpresarekin lehian aritu da azkenera arte, eta azkenean Ampok eskuratu du. Diru hori orain arte inoiz Ordizian gazta erdi baten truke ordaindu den kopuru handiena da.

Bideoa: gazta erdiaren enkantea (BerriaTB):

[youtube]http://youtu.be/psM_1a02_6o[/youtube]

Idiazabalgo gaztaren txapelketa da Ordiziako Euskal Jaietako egitarauko ekitaldirik garrantzitsuena. Epaimahaiak eguerdian aukeratu ditu galbahea pasatu duten hamalau gaztak. 52 gazta aurkeztu dituzte denera. Hauek sartu dira finalean:

- Jabier Muñoa (Zerain)

- Karmele Murua (Segura)

- Joseba Insausti (Ordizia)

- Ardi Gazta Kooperatiba (Azpeitia)

- Berastegi elkartea (Azpeitia)

- Felipe Agirre (Eulate)

- Galtzata (Oiartzun)

- Hermanos Aundicana Saez de Vicuña (Iruraitz-Gauna)

- Hermanos Saez San Vicente (San Vicente de Arana)

- Itsaso Barrenetxea (Durango)

- La Leze (Ilarduia)

- Mausitxa (Elgoibar)

- Balda, Artola y Otros (Unanua)

- Unai Lekuona (Araia)

Lehiaketara aurkeztu diren 52 gaztetatik 24 ketuak dira. Gipuzkoako 24 artzainek aurkeztu dute gazta lehiaketara, Arabako hamarrek, Nafarroako hamabik eta Bizkaiko seik. Horien guztien artean, hamar goierritarrak dira. Zeraingo, Ordiziko –hango bi–, Ataungo, Lazkaoko, Idiazabalgo, Legazpiko, Segurako, Gabiriako eta Olaberriako gaztak aurkeztu dituzte.

Goizean, zaldi gurdian eraman dituzte gaztak D’elikatuz zentrotik Beti Alai pilotalekura, herrian zehar desfilea eginda. Ohiko moduan, asteazkeneroko azoka ari dira egiten Plaza Nagusian; barazkien postuak Joxe Miel Barandiaranen daude, eta ganadu feria, Garagartza plazan. Han aurkeztu dute, gainera, pirenaika arrazako behi elkartearen logotipo berria, eta, hala nahi dutenentzat, behi haragiaren pintxoak ere banatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.