Ellakuria auzia

133 urteko espetxe zigorra Ellakuriaren eta beste lau jesuiten hilketengatik

El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoa kondenatu du Auzitegi Nazionalak.

jarraia186766.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 11
13:37
Entzun

1989ko azaroaren 16an Ignacio Ellakuria eta beste lau jesuita hiltzearen arduradun izan zen Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoa. Hala ebatzi du gaur eguerdian Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ekainaren 8an abiatu zen epaiketaren ondoren. Hildako bakoitzagatik 26 urte eta zortzi hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri diote, hau da, denetara 133 urte. Fiskaltzak 150 urteko zigorra eskatzen zuen harentzat.

Ekainaren 8an hasi zen Montanoren aurkako epaiketa, eta bertan egindako deklarazioan esan zuen ez zuela gertakarietan parte hartu, eta ez zuela inoiz legea urratu. «Aginduak bete genituen, ez genuen jarduera terroristarik egin». Horrez gain, jesuiten aurka ezer ez zuela ere deklaratu zuen: «Ellakuria presidentearen gertuko pertsona bat zen, eta ez zegoen egiaztatuta FMLNarekin bat egiten ari ote zen. Ez politikoki, ez eta militarki ere».

Ellakuria eta beste lau jesuiten hilketa El Salvadorko gerra zibil betean gertatu ziren. Portugaleten (Bizkaia) jaiotako jesuita Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen, eta gatazkari irtenbidea emateko bitartekari lanak egiten saiatu zen. Eskuin muturreko militanteek jomugan jarri zuten, eta jesuitei leporatu zieten «nazioarteko konspirazio komunista batean» parte hartzea. El Salvadorko gerran (1980-1992) 80.000 bat lagun hil zituzten, eta 8.000 inguru desagerrarazi.

Auzitegi Nazionalak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano, aldiz, 2015ean atxilotu zuten, AEBetan, eta bi urte geroago Espainiaratzeko aginduari oniritzia eman zion hango Auzitegi Gorenak. 2017ko azaroaren 29tik dago behin-behineko espetxealdian. Osasun arrazoiak eman ditu kartzelatua ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.