134 milioi murriztu nahi ditu UPNren gobernuak zerbitzu publikoetan

Nafarroako Gobernuak 2013ko aurrekontu proiektua aurkeztu du, eta finantzakoa ez den gastua %8,8 murriztea proposatu duGobernuak «errealistatzat» jo du proiektua, gastua 327 milioi euro gutxitu arren

Goikoetxea eta Barcina, joan den astean, politika orokorreko bileran. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aurkeztu ditu 2013ko aurrekontuen aurreproiektua eta bere zifra orokorrak. Finantza gastuak kontuan hartu gabe, gobernuko departamentuek datorren urtean gastatu beharreko diru kopurua 3.384,5 milioi euro izango da, aurtengo aurrekontua baino 327 milioi euro (%8,8) gutxiago. Gobernuak komunikabideei helarazitako oharrean, nabarmendu du aurrekontuokin zerbitzu publikoak bermatuta egongo direla. Dena den, aurrekontu proiektu horrek jasotzen duenez, Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Politika departamentuek 133,7 milioi euro gutxiago izango dituzte gastatzeko. Guztira, bi eurotik bat (%49,8) zerbitzu publikoentzat izatea proposatu du gobernuak.

Aldez aurretik, oso baldintzatuta zegoen gobernua. Batetik, testuinguru ekonomikoa oso zaila da. Abuztu amaieran iragarri zuenez, gobernuak aurreikusi du Nafarroako ekonomiak %1,4 egingo duela atzera 2013an. Bestetik, uztailaren 31n, Espainiako Zerga Politikaren Kontseiluan Nafarroak onartu zuen gehienezko defizita barne produktu gordinaren %0,7 izatea 2013an. Hori betetzea lehentasunezkotzat jo du behin eta berriz. Hala ere, erabaki horrek mugatu egingo du finantzatzeko marjina: aurtengo muga BPGaren %1,5 zen, eta merkatuetan 275 milioi finantzatzeko tartea zegoen. 2013an, aldiz, 127 milioi inguru finantzatu ahalko dira gehienez.

Goikoetxea: «Errealista da»

Lourdes Goikoetxea gobernuko lehendakariordeari eta Jose Luis Sanchez Muniain eledunari egokitu zaie aurreproiektua azaltzea. Goikoetxearen irudiko, gobernuak aurkeztutako proposamena «errealista da», eta «egoera ekonomiko zailari aurre egitea» du helburu. Horretarako ekonomia suspertzeko neurriak jasotzen direla goraipatu nahi izan du. Haren hitzetan, inbertsioez arduratzen diren departamentuetako gastuak aurrekontu osoaren %41,3 hartuko du.

Azpiegitura handien inbertsioei dagokienez, Goikoetxeak iragarri du Nafarroako ubidea zabaltzeko lanetan jarraituko dutela eta abiadura handiko trenaren eraikuntzarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela. Zifrarik ez du eman, baina abuztuan gobernuak zioen 68 milioi euro gastatuko direla AHTan. Espainiako Gobernua 2013an hasiko da dirua itzultzen, baina 5 milioi euro baino ez ditu pagatuko.

Gobernuak azpimarratu du murrizketa txikiena izan duten departamentuak Hezkuntza eta Osasuna izan direla:%6,3, batez beste. Hala ere, portzentaje hori diru kopuruetara eramaterakoan, Hezkuntzako murrizketa 38,38 milioi euro da, eta Osasunekoa, 57,46 milioi euro. Gizarte Politikako gastu murrizketa, berriz, 37,9 milioi euro da.

Zerga neurriak

Batik bat funtzionarioen soldatek osatzen dute gastu arrunta, eta atal horretan «neurritasun irizpideak» kontuan hartu direla azpimarratu du Goikoetxeak. Era berean, sozietate publikoetan gastua %17 gutxituko da.

Urtero, aurrekontuekin batera hainbat zerga neurri ere eztabaidatzen dira parlamentuan. Hala, gobernuak zuzeneko hainbat zerga ukitzea proposatu du, Yolanda Barcinak ostegunean politika orokorreko eztabaidan iragarri bezala. Alde batetik, urtean 18.000 euroko errenta duten zergadunek edo 36.000 euroko errenta bateratua duten bikoteek ohiko etxebizitza erosteagatik zerga kenkariak izango dituzte, orain arte bezala. Sozietate zergan ere hainbat aldaketa txiki proposatzen dira, eta zerga iruzurrari aurre egiteko proposamen batzuk ere aurkeztu ditu gobernuak.

Dena den, aurreko urteetan ez bezala, UPNk oraingoan zailtasun handiagoak izango ditu 2013ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Bai gastuen atalean eta bai diru sarreretan, oposizioak gobernuaren jarduera baldintzatu ahalko du. Horren jakitun, egoerak eskatzen duen erantzukizunez jokatzera dei egin die Goikoetxeak beste alderdiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.