Lehengo ostiralean Espainiako Poliziak atxilotutako gazte independentistak inkomunikatuta eta konfiantzazko abokaturik gabe hasi dira pasatzen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik. Albiste agentzien arabera, gaur lau pasa ziren atzo: Xabier Bidaurre, Ruben Villa, Ibon Esteban eta Ander Maeztu. Laurak espetxeratzeko agindu du Grande-Marlaskak, eta gaur jarraituko du deklarazioak hartzen. Beti ere, berri agentzien arabera, konfiantzazko abokatuek ezin izan baitute haiekin egon. Atzo arratsaldean, Auzitegira sartzen ere ez zieten utzi.
Lehengo ostiralean atxilotu zituzten, Segi gazte erakundearen zuzendaritza berriz osatzen saiatzea leporatuta. Guztira, hamalau atzeman zituzten: Bizkaian, Xabat Moran, Ikoitz Arrese, Imanol Beristain, Ruben Villa eta Xabi Bidaurre; Nafarroan, Ibon Esteban, Imanol Salinas, Xabier Arina, Ander Maeztu eta Egoi Irisarri; Gipuzkoan, Julen Zuaznabar eta Ainara Bravo; Araban, Igarki de Robles, eta Bartzeloan Marina Sagastizabal. Arabarra da azken hori, baina Katalunian ikasten du, eta horregatik bizi da Bartzelonan. 20 eta 29 urte artean dituzte guztiek. Gazte gehiago atxilotzeko asmoa ere bazuen epaileak, eta beste sei lagunen bila ere joan ziren. Ez zituzten etxean topatu, ordea. Atxiloketez gain, gaztetxe, herriko taberna, etxe eta bestelako bilgune batzuk miatu zituzten poliziek. 40 inguru.
Zehazki, gazte erakundea berriz osatzeko «bilera organikoetan edo elkarretaratzeetan parte hartzea edo kale pintaketak egitea» egotzi die. Horregatik «erakunde terroristako kide» direla dio Grande-Marlaskak. Hain zuzen, akusazio horren pean, 80 gazte atxilotu dituzte azken bi urtean, eta epaitu eta zigortu dituztenei seina urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete.
Torturaren aurka, neurririk ez
Ostiralaz geroztik, senideek eta abokatuek ez dute gazteen egoeraren inguruko berririk, Grande- Marlaska epaileak uko egin baitio torturaren aurkako protokoloa aplikatzeari. Gaur egingo dituzte bost egun Poliziaren esku, inkomunikatuta. Senide eta lagunak «beldurtuta, urduri eta oso kezkatuta» daude Poliziarengandik jasotzen ariko diren tratuarengatik. «Horrek maila goreneko alarma eragin beharko lioke giza eskubideak errespetatzen dituen edozeini», azaldu dute. Igandean, agerraldi jendetsua egin zuten Bilbon atxilotutako gazteen senide eta lagunek. «Gure seme-alabak ez dira ez lapurrak, ez bortxatzaileak, ez gaizkileak. Euren ideiekin koherenteak eta konprometituak dira».
Beste hiru gazte, espetxera
Ostiraleko polizia operazioan atxilotutako gazteez gain, berriki Italiatik Espainiaratutako Artzai Santesteban, Zuriñe Gojenola eta Fermin Martinez gazteak ere Auzitegi Nazionalera eraman zituzten atzo. Eurak ere Fernando Grande-Marlaskaren aurretik pasatu ziren, eta Soto del Realen espetxeratzeko agindu zuen.
14 atxilotuetatik lauk deklaratu dute, eta kartzelatu egin dituzte
Italiatik Espainiaratu dituzten hiru gazteak Soto del Realen espetxeratzeko agindu du Grande-Marlaskak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu