Gipuzkoako Fiskaltzak hamalau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu du 62 urteko gizon batentzat, Donostiako Bidebieta kiroldegian 13 urteko mutil bati sexu erasoa egin izana egotzita. Fiskaltzaren arabera, gizonezkoak bi sexu eraso egin zizkion, eta, espetxe zigorra betetzeaz gainera, hamar urtez zaintzapean aske egotea ere eskatu du gerorako. Erantsi du ukatu egin beharko litzaiokeela adingabeekin lotutako edozein lanbidetan aritzea beste hamar urtez. 15.000 euroko kalte ordaina emateko ere eskatu du fiskaltzak, eragindako kalte moralengatik.
2024ko apirilaren 16an, 18:00ak pasatuta, gizonak biktimarekin kointziditu zuen Bidebietako kirol instalazioetako dutxetan. Fiskaltzaren idatziaren arabera, mutikoa igeri egitera joan zen, eta deseroso sentiarazi zuen begiratu zion moduagatik. Gero, dutxatzen ari zela, gizona dutxan sartu eta masturbatzen hasi zen. Nerabea komun batean ezkutatu zen, baina gizonak barrura sartzea lortu zuen, eta ukituak egin zizkion. Mehatxatu eta beldurtu ere egin zuen. Kiroldegiko beste erabiltzaile bat aldagelan sartu zenean, gizonak ihes egin zuen.
Familiak salaketa jarri zuen, eta adingabeak fisikoki deskribatu ahal izan zuen atxilotua. Ertzaintzak kiroldegiko segurtasun kamerek grabatutakoak berrikusi zituen, eta zainketa lanen bidez topatu zuten gizona. Apirilaren 22an atxilotu zuten, Altzako kiroldegian (Donostia), inguruan bueltaka ari zela. Ertzainak ikusi zituenean, autora joan eta ihes egiten saiatu zen, baina atxilotzea lortu zuten; Donostiako polizia etxera eraman zuten. Behin-behineko espetxealdian dago ordutik, epaiketaren zain.