Euskal Herria

150 ertzainek prebentzio hitzaldiak emango dituzte ikastetxeetan

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Segurtasun sailek.

urtzi urkizu
2013ko urriaren 23a
14:16
Entzun

Ikasleen jarrera "desegokiak" kudeatzeko eta zuzentzeko asmoz eta tratu txarren egoerei aurre egiteko helburuarekin, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Uriartek azaldu duenez, azkeneko lau urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bullyng kasuak ugaritu egin dira. Salatutako tratu txarren kasuak 75 izan ziren 2008-2009ko ikasturtean, eta iazko ikasturtean 201. "Baina kontuan izan behar da lehen gertaera hauek ez zirela salatzen. Orain, sentsibilizazio handiagoa dago", azaldu du Uriartek.

Beltran de Herediak nabarmendu du "komunikaziotik prebentzioan" lan egin behar dela. Horretarako, 150 ertzain boluntariok prebentzio hitzaldiak emango dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Honako gai hauek landuko dituzte hitzaldietan: Interneten nabigatzeak eragiten dituen arriskuak, berdinen arteko tratu txarrak eta eskolako jazarpena, gizabidezkoak ez diren jarrerak saihestea eta gizabidezko balioak sustatzea, drogak kontsumitzearen errealitatea eta ondorioak, bideko segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea, eta mendian, hondartzan eta barruko uretan kirol edota aisia jardueratako prebentzio neurriak. Hitzaldiak egiteko interesa duten ikastetxeek gertuen dagoen ertzain etxean egin beharko dute eskaera, gutxienez hilabete bat lehenago.

Halaber, Beltran de Herediak esan du hitzaldien bitartez ertzainaren figura eskolara gerturatu nahi dutela. Txema Delgado arduratu da ertzainen formazioaz, eta esan du ertzainak "informazioa partekatzera" eta "ezagutza eskaintzera" joango direla eskoletara. Hitzaldiak bereziki ikasleentzat izango badira ere, irekiak izango dira irakasleentzat eta gurasoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.