Auzia 2008koa da. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak, Espainiako Abokatuaren helegitea onartu, eta ebatzi zuen udal guztietan ipini behar zela Espainiako bandera. Harrezkero, hainbat eta hainbat alkatek jarri dute Espainiako bandera halabeharrez udaletxeko balkoian, beste banderen ondoan. Ez du hala egin, ordea, Natxo Urkixo Laudiokoak (EH Bildu), zigorra jarri dion epaitegiaren arabera. Eta isuna jarri diote: 1.500 euro hilean ipintzen duen arte.
Hala dio Gasteizko epaitegi batek gaur aterako duen epaiak. Horren arabera, bandera ez jartzearen erantzule zuzena da Urkixo. Laudioko alkateak salatu du "inposizio bat" dela epaia eta Ikurren Legearen "interpretazio politikoa" egiten duela. Gogoratu du Espainiako bandera jarrita dagoela, ikurrinaren ondoan, udaletxearen gainaldean. Epaitegiaren arabera, baina, ez da hori "leku egokia".
Urkixok azaldu du udal bakoitzak jartzen dituela banderak nahi duen lekuan, eta salatu du soilik Laudiokoari behartzen zaiola balkoian ipintzea. "Bitxia da", esan du. Gaineratu du ez duela uste erabaki horri helegiterik jar dakiokeenik, eta bandera balkoian jartzea beste aukerarik ez zaiola geratzen: "Isunari ezin zaio iskin egin, ordaindu egin beharko da. Epaiak beste ezer egiteko aukerarik ez du ematen dirudienez".
Espainiako bandera ez jartzeagatik Laudioko Udalak jaso duen isunak agerian utzi du eztabaida honen sakontasuna eta Espainiako Estatuak zer-nolako jarrera daukan Euskal Herriarekiko eta euskal instituzioekiko.
EH Bilduk ere "inposizioa" salatu du: "Espainiako Estatuak euskal gizarteari egiten dizkion inposizioak gainditzeko tresna behar dugu; euskal herritarrek erabakiak hartzeko tresna eta baliabideak behar ditugu. Izan ere, euskal herritarrei dagokie erabakitzea zein ikur izango diren erabiliko dituztenak.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu du epaiak erakusten duela Euskal Herrian jada "lege hausteak" ez direla ohikoak. "Askatasunean elkarbizitzeko ikurrak eta legea errespetatu behar dira. Auzi judizialak luzeak izan daitezke, aspergarriak, baina sekula ez dira alferrikakoak". Urkijo laudioarra da, eta esan du gertutik jarraituko duela Urkixok zer egiten duen, eta bandera balkoian jartzen ez badu inabilitazioa eskatuko duela desobedientzia eta prebarikazioa leporatuta.