1.500 lagun geratu dira diru sarrerak bermatzeko errenta gabe Bizkaian

Foru Aldundiak erantzun du arautegia betetzen ez dutenei kendu dizkiela laguntzak

Gizarte bazterketa salatzeko elkarretaratzea, Barakaldon. M. RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdean bizi diren 1.500 familiari diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) «modu irregularrean» kendu diela salatu dute, besteak beste, SOS Arrazakeriak-ek, Harresiak Apurtuz-ek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Gizarte Laguntzen Defentsarako Asanbladak. Talde horien arabera, foru aldundiak familiei jakinarazi die uztaileko laguntza ez dietela ordaindu eta orain arte jasotzen zuten laguntza bertan behera geratu zaiela.

Salaketa egin duten erakundeen arabera, DSBEren dekretuko ondasunei buruzko artikuluen ezarpen ez-zuzen baten ondorioa da 1.500 lagun beharrezko baldintzak bete gabe geratu izana. «Diputazioak bidalitako eskutitzetan ez da zehazten zergatik eten den errenta, eta bakarrik Ondasun Higiezinen Legeari egiten zaio aipamen». Hain zuzen ere, bazterkeriaren kontra lan egiten duten taldeen iritziz, ez da ondo jokatu: «Ez dituzte kasuak banan- banan aztertu, eta etxebizitzaren baten jabe diren eta DSBE jasotzen dutenen datuen gurutzaketa besterik ez dute egin». Horren ondorioz, DSBE jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak eta ezarritako gehienezko ondare muga gainditzen dutenak «berdin-berdin» zigortu dituztela salatu dute. «Foru aldundiak une hauetan ez daki bertan behera gelditutako 1.500 laguntza horietatik zenbati dagokion benetan DSBE gabe gelditzea».

Horrez gain, azaldu dute diputazioak ez dituela bete laguntzak etetearen berri emateko beharrezkoak diren legezko bideak. «Errenta kentzeko prozeduraren berri eman behar zaio pertsonari, eta helegitea jartzeko epe bat eman».

Aurrera begira, agertu dute diputazioak ez duela gaitasunik familiek jarriko dituzten helegiteak konpontzeko. «Eta, ondorioz, 1.500 familia laguntzarik gabe gera daitezke jakinarazpena jaso eta hiru hilabetean». Gobernuz kanpoko erakundeen iritziz, diputazioaren helburua gastua murriztea da, «inolako legezko justifikaziorik gabe bada ere».

Diputazioa tinko erabakian

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, adierazi du arautegia betetzen ez dutenei kendu diela diru sarrerak bermatzeko errenta, eta dei egin die euren burua kaltetuta ikusi dutenei helegitea jar dezaten.

Aldundiak adierazi du 2010eko ekainean gutun bat bidali ziela DSBE jasotzen zuten pertsona guztiei eta adierazi ziela laguntza jasotzen jarraitzeko hainbat baldintza bete behar zituztela: ohiko etxebizitzaz gain beste etxebizitzarik ez izatea eta etxebizitza bakoitzean ez izatea bi DSBE baino gehiago. «Ikusi genuen DSBE jasotzen duten 4.865 pertsonak ez zutela betetzen baldintzaren bat, eta ohartarazi zitzaien urtebete zutela beren egoera erregularizatzeko». Urtebetean 3.276 txosten erregularizatu dituzte. «Eta 1.589 erregularizatu gabe gelditu dira. Horiek dira uztailean DSBE jasotzeari utzi diotenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.