«Joera goranzkoa da oraindik, eta litekeena da datozen egunetan horrela segitzea», azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Izan ere, atzoko datuetan igoera nabaritu dute Osakidetzak eta Osasunbideak: 1.512 kutsatu izan ziren. Aurreko eguneko datuekin alderatuz, handitu egin da kopurua, baina aurreko egunetako joerari eutsi zaio atzo atzemandako datuetan. Hala ere, gorakadan geldiune bat izan dela argudiatu du Sagarduik, eta kutsatzeen igoera «mantsotu» egin dela. Positibo tasa zertxobait jaitsi baita: egindako proba guztien %12,01 izan dira positibo.
Kutsatzeak oraindik ugaritzen ari dira, eta presio asistentzialean horren eragina nabaritzen dela adierazi du Sagarduik. Atzo 59 ospitaleratzeren berri eman zuten Osakidetzak eta Osasunbideak: guztira 374 lagun; horietatik 75, larri. Ez da horrelako okupaziorik egon ZIUetan ekainaren erdialdetik. Bestalde, ospitaleratutakoen adina gero eta txikiagoa dela jakinarazi du Sagarduik.
Txertaketa, aurrera
Egoera horrela, gizarteari txertatzeko deia zabaldu dio Sagarduik. Jakinarazi du 26.000 direla AstraZenecaren bigarren dosia hartzeko dauden 60 urtetik gorakoak: abuztuaren lehen astean bukatuko du horien txertaketa Osakidetzak, eta orduan jakingo dute zenbat dosi geldituko zaizkien erabili barik. Bestalde, 12 urtetik gorako herritarren gurasoei edo tutoreei txertaketarako ordua hartzeko eskaria egin die, Osakidetzaren deiaren zain egon barik.