Herritarrek historia ezagutzea eta ukitzea nahi dugu». 1212ko Navas de Tolosako guduaren eta batez ere 1512ko Nafarroako erreinuaren konkistaren mendeurrenak betetzen dira aurten, eta «gertaera historiko haiek» herritarrei ezagutzera emateko helburuarekin, hainbat ekitaldi ofizial antolatu ditu Nafarroako Gobernuak: besteak beste, Nafarroako Artxibo Nagusian konkistaren garaiko dokumentuak kontsultatzeko aukera izango dute herritarrek. Sanchez Muniainek prentsaurrekoan, konkista hitza saihestu egin zuen une oro, baina 1512ko gertaerek gerora «garrantzi berezia» izan zutela azpimarratu zuen:«Neurri batean, gaur egungo Nafarroako Foru Erkidegoa zer den azaltzen dute. Hortik aurrera, ez dugu beste interpretaziotan sartu nahi», esan zuen. «Nafarroako historia ez da sekula ere erabili behar nafarrak zatitzeko».
Sanchez Muniainekin batera, hiru historialarik parte hartu zuten prentsaurrekoan: Maria Isabel Ostolaza Nafarroako Unibertsitate Publiko katedradunak, Alfredo Floristan Alcalako Unibertsitateko katedradunak eta Jesus Mari Usunariz Nafarroako Unibertsitateko irakasleak. Nafarroako Gobernuak konkistaren eta 1212ko guduaren inguruan bultzatutako hiru liburu bildumen egile edo koordinatzaileak dira. Sanchez Muniainek ez bezala, ez zuten erreparorik izan 1512koa «konkista eta Gaztelako erreinuarekiko bat egitea» izan zela adierazteko. Hala ere, garai hartako beste Europako erreinu batzuekin gertatu zen bezala (Napoli, Gales, Bretainia...), nazioarteko testuinguru konplexu batean gertatu zela azpimarratu zuten.
1512an hasitako konkistaren ondotik Nafarroak independentzia galdu zuela esan zuen kazetari batek, eta Maria Isabel Ostolazak zehaztu nahi izan zuen ezin dela ulertu Erdi Aroko erreinu bat «lurreko paradisu» gisa. Ostolazaren arabera, XIII. mendetik Nafarroan atzerriko dinastiek agindu zuten, eta erreinu hark «berez» ez zuen gobernatu: «Kontuak ematera joan behar izaten zuten Frantziara».
Fernando el Católicoy la empresa de Navarra (1512-1516) liburua idatzi du Ostolazak (Fernando Katolikoa eta Nafarroako ekinaldia). Bertan, eguneratu nahi izan ditu historiografiaren azken datuak. Ostolazaren arabera, konkista Fernando Katolikoak planifikatutako prozesu luze bat izan zen, eta bere estrategian Nafarroako eta Frantziako erregeei gailendu egin zitzaien. Orduko negoziazio diplomatikoek huts egin ondotik indarkeria handiko «gerra bat» hasi zela nabarmendu du. Interesgarritzat jo du erreinuko eliteek nola hautatu behar izan zuten bi aldeen artean, eta nola konkista amaituta, «denborarekin», garaituen aurkako zigorrak kentzen joan ziren. Mila agiritanoinarritu da, eta liburuan eskura egongo dira herritar bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.
Iazko martxoan Iruñean konkistaren inguruan egindako kongresuaren ondorioak bilduko dira beste liburu batean, eta, horrekin batera, liburu bilduma bat aterako du gobernuak, 1212ko eta 1512ko Nafarroako gizarteko bizimoduaren berri emateko.
Sanchez Muniainek zehaztu du ekitaldi ofizialak finantzatzeko ez dela aurrekontu osagarririk egin, eta ohiko gastuen barruan sartzen dela. Ez du horren inguruan daturik eman.
1512. urteko «gertaera historikoak» oroituko ditu Nafarroako Gobernuak
Nafarroako konkistaren inguruko hitzaldiak, erakusketa ibiltariak eta ikastaroak antolatu ditu, eta liburuak argitaratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu