16 urteko gazte batek inputatu gisa deklaratu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean

Gazteari eta atxilotu zuten ertzainei deklarazioa hartu ondoren, epaiketa egiten duen edo ez erabakiko du epaileak datozen egunotan. Ertzaintzak atxilotu zuen urtarrilaren 17an Hondarribian, eta egunean bertan aske utzi zuen. Horma batean pintaketak egitea eta "terrorismoa goratzea" leporatu diote ertzainek. 'Ongi etorri' eta 'Gora Segi!' pintatu zuen, ustez.

2009ko otsailaren 25a
16:30
Entzun
16 urteko mutil batek inputatu gisa deklaratu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Gaztea joan den urtarrilaren 17an atxilotu zuen Ertzaintzak, Hondarribiko (Gipuzkoa) Muara elkartean. Alde zaharreko horma batean pintaketak egitea eta "terrorismoa goratzea" egotzi diote ertzainek, baina gaurko bistan fiskalak ez du zigor eskaerarik egin. Gaztea donostiarra da eta Irunen bizi da, eta gaur bere errugabetasuna berretsi egin du.

Hain justu, Hondarribiko gazte bat, Jarrai-Haika-Segi makro-sumarioan zigortutako Igor Ortega, aske geratu zen egunean atxilotu zuten adin gutxikoa. Egun horretan Aupa Igor, ongi etorri, Gazteria aurrera! eta Gora Segi! pintadak agertu ziren herrian, lekukoen arabera. Adin gutxikoa, ordea, Muara herriko taberna-n atzeman zuten ertzainek, ez pintadak egiten. Egun berean libre utzi zuten.

Gaurko bistan, fiskalak ez du zigor eskaerarik egin, eta gazteak bere errugabetasuna berretsi egin du. Atxilotu zuten ertzainek, ordea, haren familiari eskatu diote argazkiren bat eman dezatela, pintadak hark ez zituela egin frogatzeko. Alabaina, senideek salatu dute frogatu behar dena ez dela errugabetasuna, erruduntasuna baizik. Dena dela, senideek adierazi dute bista "nahiko ondo" joan dela, eta gaztea epaitzekotan ez dutela "terrorismoa goratzeagatik" epaituko, hormetan pintatzeagatik baizik. Hondarribiko ezker abertzaleko kide batek BERRIA.INFOri esan dionez, kasu horretan ez du zentzurik pintadak egite hutsagatik inor Auzitegi Nazionalean epaitzea.

Orain epaileak erabaki beharko du auzibidean aurrera egingo duen edo ez. Datozen egunotan jakinaraziko du bere erabakia.

Hondarribiko ezker abertzalearen salaketa

Hondarribiko ezker abertzaleak aste honetan bidalitako ohar batean salatu du "horma batean marraztea" dela gazteari ertzainek leporatu dioten "delitua", eta, "aparteko legeria ezarri nahiko dion auzitegi berezi batetik igaro beharko" duela.

"Hondarribiko ezker abertzaleak, hauteskunde anti-demokratiko batzuen atarian demokrazia gabezia herri honetan inoiz baino ageriagokoa denean, Espainiako Estatuaren errepresio estrategia salatu, eta Ertzaintzak, hots EAJren txontxongiloek, aurrera daramaten mendeku eta jazarpen estrategiak nazka ematen digula eta osoki eta kementsu arbuiatzen dugula adierazi nahi dugu. Bestalde, gazteari eta beren sendi eta lagunei elkartasuna adierazten diegu, une txarra pasatzen ari direla jakin baitakigu".

Espainiako Gobernuaren "lan zikina zakur leialen moduan" egiten aritzea egotzi dio ezker abertzaleak Ertzaintzari, eta jarrera horren aurrean "gogor eta tinko" iraungo duela nabarmendu du. "Herri honen demokrazia gosearen aurrean eta biolentziaren erabileraren monopolioa dutenen parean ez garela kikilduko adierazten dugu. Beren jazarpena zenbat handiagoa izan, gogorrago erantzungo dugu kalean. Biolentzia irrazionalaren aurrean, arrazoiaren babesa dugu, eta ondotxo dakigu eraso guzti hauen bidez ezker abertzalea eta herri mugimendura lotzen diren belaunaldi berrien ekimena baldintzatzea dutela lehen helburu, ondoren, ezker abertzaleak defendatzen duen eta independentziari ateak ireki eta gatazka politiko eta armatuari ateak itxiko dizkion proiektu politikoa indargabetzeko xedea egia bihurtzeko", dio zabaldutako komunikatuak. "Ezker abertzalearen proiektura eta herri mugimendura lotzen diren belaunaldi berrien ekimena baldintzatzea dute helburu halako atxilotze eta auzipetzeek".

Horiek hala, "jarrera horrekin jai" dutela esan, eta bere proiektu politikoaren indarra "herrian" dagoela eta ezingo dutela herri hau "indarrez menperatu", nabarmendu du Hondarribiko ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.