160.000 euroko etxea erosita etorkinei bizileku baimena ematea aztertzen ari da Raxoi

Europako epaia iritsi bitartean etxe kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu dute auzitegietan

Kaleratzeen aurka atzo Donostian egindako agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Bilbo
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
160.000 eurotik gorako etxebizitza bat erostearen truke, bizileku baimena ematea. Hori aztertzen ari da Espainiako Gobernua, Merkataritzarako estatu idazkari Jaime Garcia Legazek jakinarazi duenez. Neurria salatu dute oposizioko alderdiek eta etorkinen eskubideen aldeko elkarteek.

Garcia Legazek zehaztu du datozen asteetan hartuko dutela erabakia, eta onartu du horretarako Atzerritarren Legea aldatu beharko dutela. «Batez ere, Errusiako eta Txinako merkatuei begira hartu dugu neurria, etxe hutsak ahalik eta prezio arrazoizkoenean saltzea nahi dugu».

Oposizioko alderdien arabera, «sinestezina» da neurria, eta salatu egin dute. «Baztertzailetzat» jo dute neurria etorkinen eskubideen alde lanean ari diren taldeek.

Bestalde, ehunka pertsona bildu ziren atzo goizean Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako epaitegietara, etxe kaleratzeak gelditzea galdegiteko. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren kaleratzeei buruzko epaia heldu zain, hipoteken exekuzioak eta etxe kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu zuten horien kontrako elkarte eta plataformetako kideek: «Europako auzitegiaren erabaki baten zain gaudenez, eta Europako Batasuneko estatu kide orok bete beharrekoa denez, mailegu betearazpenen prozedura judizial guztien geldiaraztea exijitzen dugu», adierazi zuen Bilbon Begoña Barrutia abokatuak Kaleratzerik Ez plataformako ordezkaria da Barrutia.

Hala izanik, plataformetako ordezkariek hipoteken exekuzioak eta etxe kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu, eta dokumentu bat jarri dute eskuragarri Abokatuen Elkargoetan eta Espainiako Abokatuen Kontseilu Orokorraren webgunean. Horren bidez, kaltetutakoek hipoteken exekuzioak bertan behera uzteko eskatu ahalko dute epaitegietan. «Mailegu exekuzio prozedura batean dauden pertsona kaltetu guztiei dei egiten diegu epaitegietan salatu eta exijitu dezaten», esan zuten.

Jada hasi dira hainbat kaltetu agiria epaitegietan aurkezten, eta hurrengo egunetan gehiago izatea espero dute bultzatzaileek. Bizkaian dagoeneko 50 kaltetuk eman dute pauso hori.

CECA Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak aurreko astean kaleratzeak oraingoz bertan behera utziko zituela jakinarazi zuen arren, oraindik ere kaleratzeekin aurrera jarraitzen dutela salatu zuen Barrutiak.

Banketxeen jarrera salatzeaz gain, nabarmendu dute epaitegietan funtsezko eskubideen urraketa «sistematikoa» izaten dela.

PSE-EEren egitasmoa

Horrez gain, PSE-EEk agintzen duen udaletan etxe kaleratzeekin jarraitzen duten bankuetatik eta aurrezki kutxetatik udalaren dirua kenduko dutela jakinarazi du Jose Antonio Santano Irungo (Gipuzkoa) alkateak; PSE-EEk, gainera, kaleratzeen kontrako mozio bat aurkeztuko du udaletan. Mozio horretan Hipoteken Legea aldatzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari. Lege aldaketa egiten den bitartean etxe kaleratzeak bi urtez atzeratzea nahi du PSE-EEk.

Etxe kaleratzeen inguruko bi mozio onartu zituzten,berriz, atzo Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak eta Batzarrak. NaBaik aurkeztutakoan, parlamentuari eskatu diote hipotekak kaltetutakoen plataformek abiatutako herri egitasmo legegileari babesa emateko. Bestetik, Ezkerrak aurkeztutakoan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote kaleratzeak gauzatzen dituzten bankuetatik dirua kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.