Grebalarien Kolektiboak jakinarazi duenez, Nafarroako epaitegiek 163 urteko kartzela zigorra eta 31.960 euroko isuna eskatzen dute M29ko greba orokorrarekin lotuta atxilotutako 39 lagunentzat.
"Nafarroako eskuinak zirku mediatiko bat jarri du martxan herritarren eskakizunak estaltzeko", azaldu du Grebalarien Kolektiboak. Atxiloketak "zirku mediatiko" horren baitan ulertzen dituzte.
Azaldu dutenez 16 lagun daude auzipetuta langileen aurkako delituak egotzita —hiru urteko espetxe zigor eskaerarekin—, 33 desordena publikoak egotzita —3 urteko kartzela zigorra— , 6 kalte materialak eragitea egotzita —bi urteko zigor eskaera— eta lagun bat agintarien aurka egotia egotzita —3 urteko zigorra—. Gainera 55 laguni jarri dizkiete isunak, guztira, 31.960 eurokoak.
Grebalarien Kolektiboak esan du "harro" daudela Nafarroako greba "arrakastatsuenean" parte hartu izanaz eta Nafarroako egoera aldatu nahi duten milaka herritarren artean egoteaz. Nafarroako Gobernuari "sorgin ehizean" ibiltzea leporatu diote.
"Auzipetu eta isundutakoak joku zikin horren aurrean altxatu egiten gara, borroka eta protesta sozialek duten eraginkortasuna zalantzan jarri nahi dute eta horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte matxinada", azaldu dute ordezkariek.