'BATERAGUNE AUZIA'

1.825 egun preso

Gaur dira bost urte Baltasar Garzon epailearen aginduz 'Bateragune auzian' Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez atxilotu zituztela. Horiek aske uzteko eskatu zuten larunbatean Elgoibarren eginiko manifestazioan. Bideoa: '5ak askatu. Politika askatu' Hamaika telebistaren saio berezia (Hamaika TB).

2014ko urriaren 13a
08:03
Entzun

2009ko urriaren 13an atzeman zituzten LAB sindikatuak Donostian duen egoitzan Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostena banatzeari ekitekotan zeuden. Segidan etorri ziren ezker abertzalearen barne eztabaida, eta Zutik Euskal Herria dokumentua, non bide baketsuetatik independentisten arteko indar metaketaren bidea berretsi zuten. Eta atzetik etorri dira EH Bildu osatzen duten indarren aliantza, jardun armatua uzteko ETAren erabakiak eta Sorturen legeztatzea, besteak beste. Kartzelatik ikusi dituzte guztiak Bateraguneko bostek.

Auzitegi Nazionalak aurrena eta Auzitegi Gorenak ondoren argudiatu zuten "talde terroristako kide" zirela eta "ETAk emandako agindu politikoak" betetzen zituztela Bateragune izeneko egituraren bidez. Auzitegi Konstituzionalera jo zuten bostek babes helegitea aurkeztuta, baina epaitegiak preso mantendu zituen aurtengo uztailean emandako ebazpenean. Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko dute orain.

Babes sozial zabala jaso dute, ordea. Jendetza elkartu zen larunbatean Elgoibarren (Gipuzkoa), Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta aske uzteko eskatzeko. Eragile politiko, sozial eta ekonomiko ugarik bat egin zuten manifestaldian.

Hauek dira Auzitegi Gorenak ezarritako zigorrak eta Konstituzionalak atzo berretsitakoak:

Arnaldo Otegi. Sei urte eta erdiko kartzela zigorra, hamar urteko inhabilitazioa.

Rafa Diez. Sei urte eta erdiko kartzela zigorra, hamar urteko kargugabetzea. 2010eko apirilaren 26an Diez baldintzapean aske utzi zuten, «egoera pertsonal-familiarrengatik». 2011ko irailaren 19an, epaiaren ostean, berriro kartzelatu egin zuten. Ondorioz, Diezek beste laurek baino ia 17 hilabete gutxiago egin ditu espetxean.

Miren Zabaleta. Sei urteko kartzela zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa.

Arkaitz Rodriguez. Sei urteko kartzela zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa.

Sonia Jacinto. Sei urteko kartzela zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.