Indarkeriaren Biktimak

187 pertsonari aitortu diete 1960-1978 aldian giza eskubideen urraketen biktima izatea

107/2012 dekretuaren bitartez sortutako lantaldeak txosten bat eman die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Biktimen lekukotzak jaso dituzte txostenean, eta, horien bitartez, "etapa bat itxi" nahi du lantaldeak.

Iñigo Urkullu lehendakaria lantaldeko kideekin batzartu da gaur goizean, lehendakaritzan.
edurne begiristain
2017ko ekainaren 26a
07:26
Entzun

1960 eta 1978 artean eginiko botere abusuen edo legez kanpoko polizia indarkeriaren biktima izatea aitortu zaien kasuen inguruko txostena aurkeztu du Balorazio Batzordeak gaur. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideei aurkeztu diete Ahanzturatik ateratzen izeneko txostena. 239 kasu aztertu ditu guztira lantaldeak, eta horien %80ri aitortu die biktima direla. 52 eskaera, berriz, atzera bota ditu. Txostena aurkeztuta, "etapa bat itxi" nahi du lantaldeak. "Gizarteari eta lagundu eta sustatu duten erakundeei eskainitakoagatik esker ona adierazteko modua izan nahi du, eta, nagusiki, lekukotza eskaini zuten biktimei", azaldu dute txostenaren egileek. Biktimen hitza eta esperientzia "memoriari" egindako ekarpena dela nabarmendu dute.

Hainbat taldetan banatu dituzte 187 biktima horiek. Kasuen %18 estatuaren segurtasun indarrek eragindako heriotzak dira; gehienak, manifestazioetan, errepideko kontroletan edo kaleko istiluetan, besteak beste. Kasuen %7 manifestazioak desegiteko gailuekin zauritutako pertsonak dira, borrak, ke potoak edo gomazko pilotak erabilita, eta %36 atxilotuak izan ostean komisarian tratu txarrak edo torturak jasan zituzten biktimak dira.

Txostenaren beste atal batean, biktimek jasotako "inpaktua" azaldu dituzte, testingantzen bidez, bai eta haiek ordaina jasotzeko araudia egiteko gomendio batzuk jaso ere, biktima eta senideen kontakizunetik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.