Bilbok ez ditu ahaztu nahi "herriaren askatasunaren alde bizia eman zutenak". Hala esan du gaur goizean Ibon Areso alkateak, 1936ko gerran hiria faxisten erasoetatik defendatu zutenak gogoan. Memoria ekitaldi bat egin da gaur goizean Nestor Basterretxearen eskulturaren aurrean, eta Bilboko Udaleko alderdi guztiak izan dira.
Ekitaldian izan dira defentsa horretan parte hartu zuten batzuk ere. Fructuoso Perez Arrospide, kasurako. 100 urte betetzear da, eta Artxandan borrokatu ziren boluntarioetako bat izan zen 1936an. Gero, Otxandiano batailoian izan zen, eta Gorbeian ere borrokatu zen. Manuel Sagastibeltzak preso zela bizi izandakoa gogoratu du.
'Eusko gudariak' abestu dute
Bilboko txistularien banda eta Udaltzaingoa gala jantzita izan dira ekitaldian. Aurreskua dantzatu dute, eta ondoren Memoria bizia izeneko eskulturaren aurrean lore eskaintza egin dute. Ekitaldia Eusko gudariak abestuz amaitu dute han zeudenek.
"Soldadu horiek demokrazia eta legez eratutako erakundeak defendatu zuten. Bilbo defendatu zuten, eta, faxisten etorrera atzeratuz, herritarrak lekuz aldatzea ahalbidetu zuten", adierazi du Aresok. Bere hitzaldian azpimarratu du ideologia desberdinetako gudari eta milizianoak izan zirela askatasunaren alde "Euskadi eta Errepublika" defendatu zutenak.
Oraingo biktimak bezain garrantzitsuak
Aresok gaineratu du orain dela denbora gutxiagoko biolentzien biktimak gogoratzea beharrezkoa bada ere ez duela garrantzi txikiagoa herritarren askatasunaren alde bizitza eman zutenak gogoratzeak. "Gerrak utzi zituen zauriak justiziarekin eta oroimenarekin sendatzen dira", adierazi du Aresok, eta gaineratu du horrelako ekitaldien asmoa ez dela zauririk irekitzea, baizik eta ixtea.
Aipatutakoez gain, ekitaldian parte hartu dute Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Iñaki Anasagasti EAJko senatariak, Juan Mari Atutxa Sabino Arana fundazioko presidenteak, eta Jose Mari Argoitia eta Koldo Agirre Athleticeko jokalari ohiek.