Oroimen Historikoaren Espainiako Legeari jarraituz, 1936tik 1940ra bitartean 1.623 udal langileri zabaldutako txostenak bertan behera uzteko erabakia jakinarazi du gaur Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek.
Espedientatu zituzten eta udaletxea uztera behartu zituzten langileen lana goraipatu dute, eta salatu auzi horietan ez zirela "oinarrizko eskubideak errespetatu".
Aranzadi zientzia elkarteak zenbatu zituenez, 1.623 langileri espedientea ireki zieten; 817, frankistak udalera iritsi zirenean lana utzi eta errepublikaren aldekoekin bat egindakoak ziren; 806ri, berriz, "susmagarritzat" jo eta kaleratzeko espedienteak zabaldu zizkieten. Zigorren eta zigorrak ezarri zituzten organoen "zilegitasun eza" aitortu du Donostiako Udalak.
Ekintza "sinboliko batetik harago" doa espedienteak bertan behera utzi izana, Izagirreren esanetan. Erantsi du "oroimenari justizia" egin diotela horrela.