Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila ikertzen ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur lapurtuen auzian informaziorik baden erregistro zibiletan. Bizkaiko eta Arabako kasuetan, informazio nahikoa osatua dagoela ondorioztatu du, baina Gipuzkoan badira hutsuneak, erregistro zibilen artxiboen kontserbazioa ez baita onena izan. Zehazki, 1975 aurreko abortuei buruzko informazio oso gutxi dago erregistro zibiletan.
Haur lapurtuen auzia argitzeko asmoz, Justizia Sailak erregistro zibiletan abortuei buruz diren txostenak zein egoeratan dauden, edo ba ote dauden, ikertzeko eskatu zuen, eta behin-behineko txostena esku artean du, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Legeak zehazten duenez, haurra jaio eta 24 ordu bizi behar da pertsonatzat jo eta erregistroan izena emateko. 24 ordu horien aurretik hilez gero, ez da erregistroan pertsona gisa izendatzen; abortutzat jotzen da. Jaurlaritzak susmoa du abortu gisa erregistratu zirela haur lapurtu batzuk. Eta horregatik hasi da erregistro zibiletan abortuen gaineko ikerketa egiten. Gipuzkoan lau eskualdetan banaturik daude erregistro zibilak: Donostian, Azpeitian, Eibarren eta Irunen. Araban eta Bizkaian, XIX. eta XX. mendeko dokumentu asko kontserbatu dira, baina Gipuzkoan XX. mendeko hainbat urtetako dokumentuak galdu dira.
Irungo eta Eibarko erregistro zibilen kasuan, uholdeak jasaten zituzten eraikinetan gordetzen ziren dokumentuak, eta asko galdu izan dira. Eibarren, 1979 ondorengo abortuen erregistroak badaude, aurrekorik ez; Irunen, 1940 eta 1992 arteko dokumentuak daude, baina oraindik txostenak berreskuratzeko eta txukuntzeko lanean ari dira —oso egoera kaskarrean daude—, eta ez da segurua zer eduki izango duten.
Donostian, berriz, hiru eraikinetan banatuta egon dira erregistro zibileko agiriak. Batetik besterako aldaketetan, informazioa galdu izan da, edo ezin da zehatz jakin non dagoen. Edozein kasutan, 1975 aurreko abortuen erregistrorik ez dago. Ondorengo urteetakoak ikertzen ari dira Donostiako epaitegietako langileak.
Azpeitikoan datu gehien
Azpeitiko epaitegian ere uholdeak jasan izan dituzte sotoan, eta dokumentu asko hondatu izan dira; Jaurlaritzaren txostenak dioenez, 1995ean, 1996an eta 2001ean atentatuak ere jaso zituen epaitegi horrek. Hala ere, Gipuzkoako erregistro zibilen arteko dokumentazio zaharrena bertan dago: 1871z geroztikako dokumentuak gorde dira. Eta, hain justu, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako abortuei buruzko erregistroak gordeak daude artxibo horretan.
Herenegun Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi zuen litekeena zela ETAk auzitegietan jarritako lehergailuek zenbait dokumentu hondatu izana. Jaurlaritzak eskatutako txostenak Azpeitiko atentatuak soilik aipatzen ditu, baina haur lapurtuen auzian argi egin dezaketen dokumentuak onik daude, txostenak dioenez, eta epaitegiko langileak aztertzen ari dira.
Inplikazio eske Europan
Bestalde, Europako Batzordera ere iritsi da haurren lapurretaren berri. EAJko europarlamentario Izaskun Bilbaok azaldu du arazoa Europako Parlamentuan. «Inplikazioa, babesa eta sentsibilitatea» eskatu ditu: «Ikertu behar da zeintzuk izan diren arduradunak, delitu bat egin dutelako, eta zigorra merezi dutelako». Bilbaok asteazkenean plazaratu zuen eskea Europako Parlamentuan; Europako instituzioek «kontu ilun» honi gertutik kasu egiteak ikerketa argitzen lagunduko lukeela adierazi zuen Bilbaok.
1960-1970etako abortuen daturik ia ez da Gipuzkoako erregistroetan
Haur lapurtuen auzian ikerketa bizkortzeko, Europako Parlamentuan babesa eta inplikazioa eskatu ditu EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu