Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina edo Parot doktrinaezarri dieten hogei preso ingururen kasuak izango ditu aztergai gaur Espainiako Auzitegi Kontsituzionalak. Magistratuek gaurko bileran jorratu beharko duten puntu bakarra izango da. Gainera, lehen aldia izango da Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina aztergai duena, Europako Giza Eskubideen Auzitegia haren aurka agertu zenetik. Uztailaren 10ean kaleratutako ebazpenean, Ines del Rio presoa aske uzteko eskatu zion Estrasburgoko Auzitegiak Espainiari, baina honek ez du oraindik ebazpena bete. Espainiako Gobernuak esana du irailean helegitea ipiniko diola Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenari, auzitegi horretako areto nagusian. Bitartean, ebazpen hori irmoa ez dela-eta, 197/2006 doktrina aplikatzen jarraituko duela esan du Raxoiren gobernuak. Oraingoan, ebazpen hori betetzeko eskaera gehitu die helegiteei Iñigo Iruin abokatuak.
Joan den martxoaren 29an, hogeita hamaika helegitetatik hiru baino ez zituen onartu Konstituzionalak. Joan den uztailaren 23an Iñaki Pujana presoaren helegitea aztertu zuen espainiar epaitegiak, baina «Konstituzionalera heldu aurreko bide guztiak agortu ez izana» argudiatuta baztertu zuen.
Atzo, PPko Esteban Gonlalez Ponsek adierazi zuen ez dagoela arrazoi juridikorik 197/2006 doktrina atzera botatzeko. Gonzalez Ponsek «arrazoizko» izateko eta «zuzenbidearen arabera jokatzeko» eskatu die auzitegiko magistratuei.
197/2006 doktrinari buruzko helegiteak, gaur aztergai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu