Maiatzaren 9koa Athleticek bere 114 urteko historian jokatuko duen Europako bigarren finala izango da. Aitzindari bakarra du horrek, zuri-gorriek 1977an Turingo Juventusen aurka jokatu zutena. 35 urte dira jada, eta Koldo Agirre zen entrenatzailea. Aste honetan aitortu du Agirrek azken tituluak irabazi zituztenetik eurek lortu zutena lortzeko gai ikusi duen Athleticen lehen taldea dela egungoa.
1977an UEFAko finala jokatu zuen Athleticek Ujpest Dosza Hungariako taldea, Basilea Suitzakoa, Milan Italiakoa, Bartzelona Herrialde Katalanetakoa eta Racing White Bruselakoa kanporatu ostean. Finalak bi partidatara jokatzen ziren orduan. Joanekoan, Turinen, Tardelliren golak jarri zuen kanporaketa italiarren alde, eta itzulikoan 2-1 irabazi zion Athleticek.
Kanpoko taldearen golek berdinketa kasuan duten balio bikoitzagatik galdu zuen finala Athleticek. Bettegak aurreratu zituen italiarrak 6. minutuan. Zuri-gorriek, ordea, adoretsu, buelta eman zioten markagailuari Carlosen eta Iruretaren gol banari esker.