Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen 1978 eta 1999 bitartean izandako "legez kontrako errepresio jardueren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta ordaina emateko" legearen proiektua. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza zuzendariak azalpenak eman ditu lege egitasmoaren inguruan.
Besteak beste, kalte-ordainak izan ditu hizpide: guztira 12 milioi pagatuko ditu 2017tik aurrera, lau urtez. 315 eta 447 artean leudeke Jaurlaritzak aintzat hartutako biktimak. Fernandezen hitzetan, "baikor" da Jaurlaritza, espero baitu indarrean dagoen legealdian onartzea lege proiektua: "Zorroztasunez araua aurrera ateratzeko moduan gaude".
Lege egitasmoak 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arteko biktimak hartzen ditu aintzat: "Kontuan hartu behar da 1999. urtea baino lehenagoko kasuak preskribatuta daudela edo laster egongo direla; eta duela gutxiko kasuen salaketak oraindik ikerketa judizialerako epearen barruan daudela". Araudiak ez du eragin nahi "zabalik egon litezkeen prozesu judizialetan", Fernandezek adierazi duenez.
Gertaera bat legez kontrako errepresio jardueren ondoriozko giza eskubideen urraketatzat joko da, baldintza hauetako bat gertatzen baldin bada: motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatzea, giza eskubideen urraketaren ondorioz, pertsonen biziari edo integritate fisiko, moral edo sexualari eragitea, edota "legez kontrako errepresio jardueretan gertatzea, baldin eta funtzionario publikoek hartu badute parte, bere eginkizunen barruan edo eginkizunetatik kanpo, edo taldean edo bakarka eta kontrolik gabe jardun izandako partikularrek hartzen badute parte, urraketa horiek eragin duten gertaerei buruzko erruduntasun lotura zehatzik ezartzeko beharrik ez dagoelarik".
"Betebehar etikoa"
Legea beharrezkotzat jo du Fernandezek, "oraindik aitortu eta erreparatu gabeko biktimak daudelako, batez ere 1970 eta 1980ko hamarkadetan". Horiek aitortu eta ordaina emateko tresna bat sortzea "betebehar etiko eta demokratikoa" dela erantsi du.
Balorazio batzorde bat sortuko da, eta hura arduratuko da biktima izaerari buruzko aitorpena baloratzeaz eta, hala dagokionean, proposatzeaz. Batzordean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko hiru auzitegi aditu egongo dira. Legearen arabera, kalteak, lesioak edo sekuelak baloratzea izango da Balorazio Batzordearen funtzioa. Egindako txostenen ondorioak, beraz, administratiboak izango dira soil-soilik.