1978ko sanferminak

1978ko sanferminetan gertatutakoa salatuko dute Europako Parlamentuan

Iruñeko Udalak sustatuta, martxoaren 6an egiaren batzordea osatu zen, eta, ehun egunen ondoren kaleratu berri den txostenak azpimarratu du oraindik orain zailtasun handiak daudela garaiko dokumentazio ofizialetara jotzeko eta orduko txostenak desklasifikatzeko

Gaur goizean egin den agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2018ko ekainaren 9a
08:18
Entzun

Berrogehi urteren ondoren, isiltasuna ezarri nahi dute. Josu Txueka historialariak gaur goizean salatu duenez, 1978ko uztailaren 8an izandako gertaeren inguruan sakontzeko zailtasunek indarrean jarraitzen dute. Nahiz eta Nafarroako Parlamentuak ia aho batez orduko dokumentazioak eskura jartzeko eskaera egin (PP soilik abstenitu zen), Espainiako Kongresuan bestelako jarrera agertu zuen PSOEk eta Ciudadanos zein PPrekin batera eskaeraren kontra bozkatu zuen.

Iragan azaroan, Iruñeko Udalak 1978ko sanferminetan jazotakoa ikertzeko egiaren batzordea osatzeari baimena eman zion, eta martxoaren 6tik ikerketak lanean izan da. Atzo aurkeztu zuten lana Iruñeko Gaiarre antzokian. Josu Txueka historialariaren arabera, aurretik ezagunak diren ondorio eta informazioak berretsi ditu ikerketa lanak, eta, era berean, garaiko Barne Ministerioko dokumentazioetara jotzeko zailtasunak direla nabarmendu du.

Europako Parlamentura

Espainiako erakundeen blokeorako asmoa ikusita, Europako Parlamentura joko dute. Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak gaur Iruñean azaldu duenez, bertan memoria historikoaren inguruko lan talde bat osatua dago, eta  "Europako Batasuneko erakundeek Espainiarekiko duten ikuspegia aldaraztea" du helburu. "Guztiek pentsatzen dute Espainian trantsizio bat egon zela, demokrazian gaudela, eta, beraz, memoria arloko arazo guztiak konponduta daudela". Begirada hori aldatu nahian, hainbat ekimen aurkeztu dituzte. "Adibidez, Kanbodia eta gero, Espainia da desagertu gehien duen herrialdea eta datu hori ematean harrituta geratzen dira gure kideak".

1978ko sanferminen inguruan, oraindik egia eta erreparaziorik ez dela izan eta pertsonak "sufritzen" ari direla nabarmendu du Bilbaok. "Zein da horren jatorria? Zigorgabetasuna. Horren aurka ari gara lanean". Bilbaok salatu du Espainian frankismoaren krimenak zein diktadura osteko lehen urteetakoak ez direla jazarri, eta horregatik memoriaren lan taldea arlo horietan ari da lanean. "Zoritxarrez, ez dira konpondu". 1978ko sanferminen kasuan, dokumentazioetara jotzeko aukera oztopatzea gaitzetsi du.

Aurten beteko dira 40 urte. 1978ko sanferminetan, segurtasun indarrek Iruñea setiatu zuten, eta zezen plazan sartu ziren poliziak bortxakeria handiz. Zezen plazaren kanpoaldean, German Rodriguez erahil zuten, baina, gainera, hainbat bala zauritu izan ziren. Hilketa haren aurkako hurrengo egunetako protestetan, berriz, Donostian, Joseba Barandiaran gaztea hil zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.