abortuaren legea

1985eko legea baino atzerago egin du Gallardonek

Baldintzak erabat gogortuko ditu Espainiako Gobernuak, eta abortatzeko zirrikituak mugatuko ditu. Bi izango dira baldintzak: bortxaketa bat jasan izana, edo haurdunaren osasun fisikoari edo psikikoari kalte larria eragitea. Malformazioak ez dira zuzenean abortatzeko arrazoi izango. Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetariak zuzenean kontatu du Gallardonen agerraldia.

Gallardon, hauteskunde kanpainan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko abenduaren 20a
18:45
Entzun

Espainiako Gobernuak esana zuen 1985eko Abortuaren Legearen ildora itzultzeko asmoa zuela. Ez da itzuli. Hura baino atzerago joan da. Frankismo garaiaz geroztik izan den legerik murriztaileena izango da Hego Euskal Herrian abortatzeko. Espainiako Gobernuak gaur onartu du legea aldatzeko aurreproiektua. Izen berria du abortuaren legeak: Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa.

Hona hemen, atalez atal, lege berriaren atal nagusiak.

1. Zein izango da sistema? Epeen eredua bertan behera utzi, eta baldintzenari helduko dio PPren gobernuak. Bi baldintza izango dira abortatzeko arrazoi: andrearen osasun fisikoa edo psikikoa arriskuan egotea, edo bortxaketa bat jasan izana. Bortxaketen kasuan, hamabi asteko epea jarriko dute abortatzeko, eta salaketa jarrita egon beharko da. Osasun arriskuaren kasuan, berriz, muga 22. astean egongo da —1985eko legean baldintza horrek ez zuen eperik—. 22. astea igarota, jaio egin beharko du umeak, erditzea behartuz bada ere. Beste muga bat ere jarri diote osasun egoeraren baldintzari: hiru sendagilek txosten bat egin beharko dute andrearen osasun egoera arriskuan dela egiaztatuz.

Orain arteko sistema epeena zen; hamalaugarren astera arte baldintzarik gabe aborta liteke, eta hortik aurrera hasten dira baldintzak. Eredu berriarekin, Europako herrialde gehienen ildotik aldendu egingo da Espainiako legea.

2. Nor da subjektua? Andrea eta enbrioia parean jarri ditu gobernuak. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan du bien eskubideak hartu behar direla aintzat. “Gatazka sortzen da, eta legegileari dagokio hori orekatzea”. Ministroaren esanetan, gaur egungo legeak ez ditu aintzat hartzen kontzebituaren eskubideak.

3. Adingabeek erabaki dezakete? Ez. Gurasoen baimena beharko dute abortatzeko. Gaur egun, 16 eta 18 urte artekoek ez dute nahitaez behar baimen hori. Gallardonek dio “gurasoen laguntza” ezinbesteko dutela adingabeek, “horrelako erabaki dramatiko bat hartzeko”. Ministroak ez du agerraldian esan, baina, kontseiluko erabakietan bilduta dagoenez, adingabearen eta gurasoen artean desadostasuna badago abortatu edo ez, epaileak erabakiko du. Adingabea 16-18 urte artekoa bada, haren irizpidea lehenetsi beharko du epaileak, betiere "heldutasuna" daukala frogatzen badu; 16 urte baino gutxiagokoa bada, gurasoena. 

4. Malformazioak daudenean zer gertatuko da? Enbrioiak malformazioak izatea ez da aski motibo izango abortatzeko. Abortatzeko aukeretako bat da andreak kalte psikologikoa jasatea, eta aukera bat da enbrioiaren malformazioak eragitea kalte hori. Ataka hori mugatu egingo du PPren gobernuak: mediku txosten bat egin beharko diote amari, baieztatzeko hori dela abortatzeko arrazoia. Enbrioiak malformazioak dituela ziurtatu beharko dute beste txosten batean. Enbrioien eskubideak hartu ditu ahotan Gallardonek: “Ezin dugu onartu lehen mailako eta bigarren mailako enbrioiak egotea, malformazioak dituztelako”.

Muga 22. astea da. Epe hori gaindituta, erditzea behartu beharko dute.

5. Abortatzeko pausoak zein izango dira? Zaildu egingo dute bidea. Batetik, abortua onartu ahal izateko, hiru sendagileren baiezkoa beharko da: abortua bera egingo duenarena, eta hori onetsiko duten beste birena. Bi mediku horiek ezingo dute izan abortua egingo den klinikako langileak. Andreari “aholkularitza” emango diote, gainera. Eta abortua bera egin baino lehen astebeteko epea igaro beharko du paperak egiten direnetik, “gogoeta egiteko”.

6. Kontzientzia eragozpenik izango da? Aurreko legeak ere aurreikusten zuen aukera hori, eta atea zabalduko dio lege berriak. Azken unean atzera egin ahalko dute sendagileek: abortua egiteko unea iritsi, eta esan ahalko dute ezetz, ez dutela egingo. Kontzientzia eragozpenaren argudioari helduta, Nafarroan urteetan ez dute aborturik egin.

7. Zigorrik izango da? Emakumeak biktima gisa aurkeztu ditu Gallardonek etengabe. Ez dute zigorrik izango andreek, nahiz eta abortua lege berriak ezarritako baldintza eta epeetatik kanpora egin. Medikuak, bai, zigortu ahalko dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.