COVID-19aren datuen berri izateko zailtasunak ez dira desagertu. Atzo bertan, Nafarroako Gobernuak arazoak izan zituen: taula hutsuneekin argitaratu zuen, eta azken orduan Osasun Ministerioak emandako datu bat (hildakorik ez zela izan) zuzendu egin zuen (hildako bat izan baitzen). Datuen bilketan normala da gorabeherak egotea eta serieak doitu behar izatea, baina eskertzekoa litzateke gardenago azaltzea egiten diren berrikuspen, zuzenketa eta aldaketak. Herritarren konfiantza izan nahi bada, gardentasuna ezinbestekoa da. Horregatik, ez da ulertzen bigarren fasera pasatzeko eskaerari lotutako txostenak ez argitaratzea. Hala ere, ezagutzen diren datuen arabera, ez dirudi arazorik izango denik datorren astelehenean Hego Euskal Herriko lurraldeak konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartzeko. Murga sailburua itxaropentsu agertu da. Gaur administrazioen arteko negoziazioaren ordua da, eta bihar jakinaraziko du Espainiako Gobernuak zer lurralde pasatzen den. Bigarren faseko baldintzak zehazteko iritsi da. Espainiako Gobernuak aurreratu duenez, bigarren fasean ez da ordutegirik izango.
PCR positibo berrien kopurua txikia da azken egunetan. Gaur beste 12 kasu atzeman dituzte (bederatzi EAEn, eta 3 Nafarroan). EAEko R0 indizea 0,69 da. Azken zazpi egunotan, 229 PCR positibo atzeman dituzte (120 EAEn, eta 109 Nafarroan). Aurreko astearekin alderatuta, EAEn ia erdira jaitsi dira PCR positiboak, baina Nafarroan 13 gutxiago bakarrik izan dira. Positiboen kopurua apaldu bada ere, zenbait jende ospitaleratu behar izan dute: EAEn, hain zuzen, zortzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken orduetan koronabirusaren gaitzarekin gaixoturik; Nafarroan, inor ez. Eremu horretan, Nafarroako datuak hobeak dira. Azken zazpi egunetan bakarrik hiru lagun ospitaleratu dituzte, eta EAEn, 25. Edozein modutan, COVID19arekin gaixotutako gero eta pertsona gutxiago dago ospitaleetan, baita zaintza intentsiboetarako unitateetan ere. Hala ere, jendea hiltzen ari da oraindik: azken orduetan, bost pertsona hil dira koronobisuarekin lotuta (hiru EAEn eta bi Nafarroan); guztira 1.999 hildako Euskal Herrian. Ia bi mila hildako, tragedia izugarriaren tamaina adierazten duen datua.
Munduan bost milioi kutsatu. COVID19ak bost milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu, eta haren eraginez 328.000 lagun baino gehiago hil dira. Azken orduetan, Brasilen 19.700 kasu atzeman dituzte, eta AEBetan, 23.000, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera.
Maskarak eta zalantzak. Maskararen erabilera orokortu egin da Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuaren aginduaren arabera, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea "bi metroko distantzia utzi ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dauden leku orokotan". Ipar Euskal Herrian, berriz, gomendatua da erabilera, baina garraio publikoan bakarrik da derrigorrezkoa. Dena den, erabiltzeko beharraren uneaz harago, bestelako zalantzak sortu zaizkie herritarrei: zer maskara erabili, zenbat aldiz erabili, zenbat balio duten, maskara nahikoa ote dagoen...
Agian honek ere merezi du
Jarraipen aplikazioak. Zenbait aplikazio garatzen ari dira testetan positibo eman dutenen arrastoari jarraitzeko eta haiek kutsatu ahal izan dituztenei abisatzeko. Birusaren zabalkundea kontrolatzeko estregiaren barruan, sakelako telefonoetako aplikazioen bidea dago esploratzeko. Proiektu ezberdinak daude. Euskal Herrian, Tecnalia zentro teknologikoa aplikazio bat garatzen eta probatzen ari da, Ibermatikarekin batera. Gai horretan murgildu da Jakes Goikoetxea kazetaria.
Turistarik gabe. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak hotel eta landetxeen apirileko okupazio datuak argitaratu ditu. Iazko aipirilean 276.415 pertsonak ostatu hartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel eta landetxeetan. Aurten, berriz, 1.467 pertsonak bakarrik (gehienbat funtsezko jardueran aritu diren pertsonak). %99,5eko beherakada.
Oharra: eguneko laburpena posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.