Ibilgailu bat lapurtzen saiatu eta, hartan ari zirela, Gaizka Etxebarria gaztea hil zuten bi lagunek 2008an. Bilboko Probintzia Auzitegiko seigarren salak epaitu ditu bi gizon hilketa harengatik. Zinpeko epaimahaiak epaitu zituen bi akusatuak, eta errudun jo zituen. Epaimahaiaren ebazpena aintzat hartuta, epaileak hogei eta hamabost urteko kartzela zigorrak eman dizkie auzipetuei.
Sopuertako eremu batean aurkitu zuten Gaizka Etxebarriaren gorpua, 2008ko azaroaren 11n.Hilotzak hiru tiro zeuzkan garezurrean, eta 29 labankadaren arrastoak gorputzean. Zinpeko epaimahaiak emandako ebazpenaren arabera, H. M.-k bizkarretik tiro egin zion Etxebarriari; lurrera erori eta konorterik gabe gelditu zen. Baina bi erasotzaileek labankadaka ekin zioten orduan, auzitegiko ebazpenaren arabera.
Zinpeko epaimahaiko kideek uste dute bi akusatuak «ankerkeriaz» aritu zirela hildakoarekin, eta nahita areagotu zutela haren sufrimendua. Hain justu, BMW markako autoa lapurtzeko asmoz hil zutela ere frogatutzat jo du epaimahaiak. Hiltzaileetako batek autoa Trafiko Zuzendaritzara eraman eta bere izenean erregistratu zuela ere azaldu dute epaiketan; Etxebarriaren sinadura faltsutu zuten horretarako.
J. Z. akusatuari hamabost urteko zigorra eman dio epaileak, eta H. M.-ri, hogei urtekoa. Azken horren etxea erregistratu egin zuten poliziek, atxilotu zutenean; polizien testigantzen arabera, negar eragiteko granadak, suzko armak eta borra elektriko bat aurkitu zituzten haren etxean. Bestalde, dokumentazioa faltsutzen aritu zela ere frogatutzat jo dute, eta lapurreta indarkeriaz egin zuela ere bai. Delitu horiek denak batuta, bost urte gehiagorako zigorra eman diote H. M.-ri. Guztira, 25 urtez gorako zigorra jaso du, beraz.
Akusatuek, bestalde, kalte-ordainak ere bere gain hartu beharko dituzte. Hildakoaren emazteari 132.000 euro ordaindu beharko dizkiete, eta hildakoaren aitari, 11.000 euro.
Zigorrak jartzerakoan, baina, epaileak aringarri bat aintzat hartu du, kartzelan lau urte igaro baitituzte akusatuek.
20 eta 15 urteko zigorrak Gaizka Etxebarria hil zutenei
Epaileak frogatutzat jo du 2008ko azaroan BMW markako autoa lapurtzeko eraso ziotela eta hil egin zutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu